(argazkia: Susa)

Federico Garcia Lorca eta Anna Akhmatova poeten antologia berriak dakartza Munduko Poesia Kaierak bildumak

Liburuak Juan Luis Zabalak eta Josu Landak itzuli dituzte. Kaier berri hauekin 44. zenbakira iritsi da bilduma.

Munduko Poesia Kaierak bildumaren baitan, Susa argitaletxeak editatzen dituen azken bi aleak aurkeztu ditu: Walt Whitman estatubatuarrarena eta William Butler Yeats irlandarrarena. Autore bi hauekin 42. zenbakira iritsi da 2014ko martxoan abiatu zen bilduma. Beñat Sarasolak zuzentzen du proiektua eta urtero lau antologia argitaratzen dira: Bi udaberrian eta beste bi udazkenean.

Juan Luis Zabalak ekarri ditu euskarara Federico Garcia Lorcaren (1898-1936) olerkiak. Susaren arabera, “lehen poema liburuetan herri tradiziotik edan zuen Lorcak: sehaska kantek, koplek eta jolas kantek poesia biluzi, soildu eta estilizatu bat inspiratu zioten, eta erromantzeek gai tragikoak lantzeko bidea eman. Andaluzia, ijitoak, hango folklorea… gai unibertsalei buruz hitz egin zuen tokian tokiko osagai kultural oso bereizgarrien bitartez. 1929-30ean New Yorken lehenik eta Kuban gero eginitako egonaldiek arrasto eraldatzailea utzi zuten Lorcaren poesian. Aurreko liburuetan ijitoen pertsonaien bidez mitifikatutako gizaki bazterreko baina duintasunez beteak kapitalismo krudelean itota bizi diren beltzen bitartez haragiztatuko ditu Poeta New Yorken liburuan. Muturreko metaforen pilaketek surrealismoranzko luizia sorraraziko dute: irudiaren eta adieraziaren arteko distantzia ikaragarri handituko da, eta ordura arte olibondoek, ilargiak eta sutegiek osatutako sinbolo finkoen paisaia krokodiloek, amiantoak eta intsektuen antena herdoilduek beteko dute orain”.

Josu Landa arduratu da Anna Akhmatova (1889-1966) autorearen testuak euskaratzeaz. Susak adierazi duenez, “bere gizaldiko poeta errusiarretan gailenetako bat izan zen Akhmatova. Zenbait adituk akmeismo izeneko mugimendu literarioan sailkatu izan dute; ordura arteko sinbolismoaren kontrakarrean, poesia lurtarragoa egin nahi zuten akmeistek, hitzaren artisautzat jota beren burua, eta Akhmatovak ere hizkera poetiko konkretua eta gardena hautatu zuen. Ohiko samarra den gisan, amodio-desamodioez eta intimotzat jo ohi diren beste gai batzuez idatziz urratu zuen bidea. Ordea, San Petersburgoko Tsarskoie Selo aristokrata-auzoan pasatutako gaztaro pindartsuaren eta hasierako arrakastaren ondoren, errotik aldatu zitzaion bizimodua Urriko Iraultzaren ostean, eta beste zidor batzuk hartu zituen halabeharrez haren poesiak ere. Hein handi batean, heriotza, pairamendua, memoria eta dolua gailendu zitzaizkion (edo batu, nondik begiratzen zaion) maitasunaren gai ardatzari. Bere bi poema nabarmenenak dira Requiema, espetxe baten aurrean semearen berri jakiteko ilaran zain zegoela inspiratua; eta Heroirik gabeko poema, formaren nola edukiaren aldetik konplexuenetako eta sailkagaitzenetako bat”.

Zabaldu: