(argazkia: Mauka)

Fermin Muguruzak bere 40 urteko ibilbide musikala errepasatuko du Bilbon eskainiko duen kontzertuan

Zuzenekoa abenduaren 20an izango da Bilbao Arenan. Sarrerak bihar, apirilak 23, jarriko dituzte salgai, 10:00etatik aurrera, www.muguruzafm.eus webgunean.

2013 urtetik agertoki handietara igo gabe egon ondoren, Fermin Muguruza oholtza gainera igoko da berriro ere FM Muguruza. 1984-2024 izeneko kontzertua eskaintzeko. Bertan, azken lau hamarkadetan eginiko bidea ekarriko du gogora, Kortatu eta Negu Gorriak taldeen hastapenetatik bakarkako lan berrienetara arteko ibilbidearekin. Zuzenekoa abenduaren 20ean Bilbao Arenan izango dela iragarri du musikariak.

40. urteurren hau momentu berezi batean datorrela dio Muguruzak, izan ere, espainiar eskuin mediatiko eta judizialak berriz ere abiarazi du bere aurkako oldarraldia. Horren aurrean, Zentzurari Stop adieraziz erantzungo die irundarrak taula gainetik, bere ibilbidea eta ondarea aldarrikatuz. Kontzertuan, besteak beste, Kortatu zein Negu Gorriak taldeen garaiko lan sendo eta konprometitua edota bakarka izan duen ibilbidea ekarriko ditu gogora. “Kantu historikoz beteriko gaua” izango dela aldarrikatu du Muguruzak.

Hala, kontzertu soil bat baino askoz gehiago izango dela nabarmendu du artistak, musika adierazpenerako eta aldaketa sozialerako tresna gisa erabiliz. Publikoak euskal musikaren abesti mitikoez gozatzeko aukera izango du.

Muguruzak nabarmendu duenez, “kontzertu hau zentsuraren eta azkenaldian herri gisa jasaten ari garen eskuin muturraren erasoen aurkako festa izatea nahi dut. Hor daude Valentzian nire omenez egindako horma irudiagatik inputatu duten ikastetxe bateko zuzendaria eta zuzendaritza-kontseiluko bost irakasle, edota Itziar Ituñoren edo Athleticeko jokalarien aurkako erasoak Sarri, Sarri abesteagatik. Oso argi eta ozen esan nahi diet: Abenduaren 20an Sarri, Sarri eta beste hainbat abesti gure indar guztiarekin kantatuko ditugu, herri honetan zentsuraren gainetik aurrera egiten dakigula erakusteko”.

Irungo artistak gogoratu du ohore eta pribilegio handia dela 40 urteko ibilbide hau agertoki baten gainera eraman ahal izatea, “batez ere nire inguruan jendea erortzen ikusi ondoren. Kontzertu bat eskaintzeko oholtzara igo nintzen azken aldia Iñigo anaiaren omenez izan zen, duela bost urte, eta oraingoan espero dut kontzertu hau berezia izatea datozenentzat; niretzat, behintzat, hunkigarria izango da. Gutako askori eta herrialde honetako imajinario kolektiboari forma eman dioten uneak gogoratuko ditugu hainbat hamarkaden ostean”.

Sarrerak bihartik aurrera salgai

Kontzerturako sarrerak goizeko 10:00etatik aurrera egongo dira salgai www.muguruzafm.eus webgunean.

Zabaldu: