Martin Ugalderen omenezko erakusketa paratu dute Donostiako Koldo Mitxelena kulturunean

Erakusketak bihar irekiko ditu ateak eta abuztuaren 27ra arte bisitatu ahal izango da.

Azaroaren 11n beteko dira 100 urte Martin Ugalde kazetari eta idazle andoaindarra (Andoain, 1921 – Hondarribia, 2004 ) jaio zela, eta jada abian daude hainbat ekimen hura gogoratzeko, besteak beste, haren omenezko erakusketa.

Hondarribian hasi zuen ibilbidea erakusketak maiatzaren 27an, eta Arma Plaza fundazioko bulegoan izan da ikusgai igandera arte. Antolatzaileen arabera, “jende kopuru polita gerturatu da egunotan Bidasoako aretora, eta orain Gipuzkoako hiriburuan izango du kokaleku bi hilabetez: Donostiako Koldo Mitxelena kulturunean zabalduko ditu ateak, uztailaren 7tik abuztuaren 27ra”.

Erakusketa osatzen dute hainbat panelek, familiak utzitako liburu sortak, Andoaingo udalak Ugalderen funtsetik utzitako zenbait elementuk, baita proiekzioak ere: EITBk Ugalderi eskainitako saioa eta Mondragon Unibertsitateko bi ikaslek Ugalderi buruz egindako dokumentala.

Urtea amaitzeko, erakusketa Andoainen ikusi ahal izango da, azaroaren 5etik abenduaren 4ra, Bastero Kulturgunean. Ibilbidea amaitutakoan, panelak Martin Ugalde kultur parkean geratuko dira jendaurrean.

Erakusketa Martin Ugalderen jaiotzaren mendeurrenaren karietara, hainbat erakunde eta eragileren artean urtean zehar garatzen ari garen egitasmoaren baitan kokatzen da: Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoako Foru Aldundia, Andoaingo udala, Hondarribiko udala, Euskal Idazleen Elkartea, Jakin, Berria, elkar Fundazioa eta Martin Ugalde kultur parkea, familiaren laguntzarekin.

Zabaldu: