Martxoa euskararen hilabetea izango da Hendaian

Ikuskizunak, mintzaldiak, natura edo familia jarduerak, eta baita profesionalei zuzenduriko topaketak ere izango dira martxoan zehar.

2010etik hona, martxoa euskararen hilabetea izaten ohi da Hendaian. Urtero, ekitaldi hau udaberriarekin batera antolatzen da. “Euskara garatzeko, natura berriztera eta bere jantzi ederrenak janztera bultzatzen duen indarra izan nahiko genuke”, adierazi dute antolatzaileek.

Euskararen egoera ahulaz oharturik, Hendaia hizkuntza politika ausart batean engaiatu da, euskara txerta daitekeen gune guztiak kontuan hartuz.  “Aurten ere, euskara gure herriko ekitaldi nagusietan sarrarazteko zeharkako politika boluntaristak jarraituko du”, nabarmendu dute.

Urte osoan zehar, Hendaiak euskarazko jarduera programazioa eskaintzen du, bere Kultura eta Hizkuntza Politika Zuzendaritzaren bitartez. Hala ere, martxoa arreta osoa euskaran jartzen den momentu nagusia da. Hala, Soziolinguistika Klusterrak Hendaia aukeratu du, bere urteko jardunaldia une horretan antolatzeko eta Bidasoako bi aldeetako profesional anitz bilduko ditu, aktualitatezko gai baten inguruan hausnartzeko: gazteak eta euskara.

Horren karietara, egitarau aberatsa antolatu dute, “hendaiar gehienak, haur, gazte zein heldu, jarduera irekien inguruan elkartzeko landua: ikuskizunak, mintzaldiak, natura edo familia jarduerak, eta baita profesionalei zuzenduriko topaketak ere”.

Herriko kultura guneak ere mobilizatuko direla azpimarratu dute: Mendi Zolan, Mediateka, Borderline Fabrika, zinema, eta Gaztelu Aretoa. Azken gune honetan, Erramun Martikorena, Mixel Ducau, Iñaki Dieguez eta Matthieu Haramboure kantari eta musikariak elkartuko dira taula gainean kontzertua eskaintzeko.

Egitarau osoa, hemen ikusgai.

Zabaldu: