(Euskaltzaindia)

‘Gabriel Arestiren Mandatua’ saiakera kalean da

Liburuak hamar saiakera labur jasotzen ditu, beste horrenbeste adituk idatzitakoak: Euskara (Eneko Bidegain); Literatura (Irati Jimenez); Gizartea (Sonia Gonzalez); Antzerkigintza (Oier Guillan); Hirigintza (Ula Iruretagoiena); Artea (Xabier Gantzarain); Kazetaritza (Goizalde Landabaso); Bertsolaritza (Iruri Altzerreka); Gazteria (Hedoi Etxarte); eta Itzulpengintza (Aiora Jaka).

Gabriel Aresti idazle eta euskaltzain urgazlea hil zela 50 urte bete dira eta urteurrenaren kariaz, hainbat jarduera antolatu ditu Euskaltzaindiak. Ekainean, esaterako, Gabriel Arestik ereindakoak liburua argitaratu zen, EHUko Gabriel Aresti Katedrarekin batera, eta azaroan Galda aldizkaria banatu zuen Euskararen Akademiak Gabrielen ispiluetan barrena jardunaldian.

Orain, hirugarren argitalpen batek argia ikusi du: Gabriel Arestiren Mandatua. Euskaltzaindiak Gabriel Aresti Kultura Elkartearekin batera aurkeztu du saiakera, Miren Agur Meabe idazle eta Euskaltzaindiaren idazkari eta Xabier Monasterio Gabriel Aresti Kultura Elkarteko kidearen eskutik. Azken honek koordinatu du argitalpen korala, Arestiren ekarria diziplina anitzetatik begiratuz aztertu baita bertan. “Gaur egungo hamar sortzaileren gidaritzapean, iraganari baino areago, geroari behatu nahi dion argitalpena da”, aurreratu du Monasteriok.

“Gabriel Aresti poeta soziala izan zela diote eskuliburuek”, gaineratu du Monasteriok, “baina guk badakigu hori baino askoz gehiago izan zela. Nolabait definitu beharko bagenu, Aresti aitzindari ausarta eta bide urratzaile bikaina izan zela esango nuke nik. Herriaren mandatua sentitu zuen bere baitan, eta mailuaren eta biolaren bidez politika, gizarte, kultura eta identitate gaietan ikusten zituen gabeziak betetzen eta akatsak zuzentzen ahalegindu zen. Eta buru-belarri lotu zitzaion euskararen eta euskal komunitatearen humusa berrosatzeko beharrezko ziren alorrak lantzeari”.

Honela, jarraitu du Monasteriok, “euskara, literatura, gizartea, hirigintza, bertsolaritza, itzulpengintza, artea, antzerkigintza, gazteria eta kazetaritza landu zituen. Horra Gabriel Arestiren interesgune nagusietako batzuk, beste zenbaitekin batera bere obraren hezurdura osatzen lagundu ziotenak”. Beraz, mende erdiaren efemeridearen karietara eta Arestiren interesguneek gaurkotasunik galdu ez dutela iritzirik, gaur egungo hamar sortzaile arestizalerengana jo dute, zeinek bere alorretik eta bere erara, “Gabrielek herriarengandik jaso zuen mandatua aztertu duten eta, gure egunetara etorrita, mandatu hori zertan den adierazi duten”, azpimarratu du liburuaren koordinatzaileak.

Liburuak hamar saiakera labur jasotzen ditu, beste horrenbeste adituk idatzitakoak: Euskara (Eneko Bidegain); Literatura (Irati Jimenez); Gizartea (Sonia Gonzalez); Antzerkigintza (Oier Guillan); Hirigintza (Ula Iruretagoiena); Artea (Xabier Gantzarain); Kazetaritza (Goizalde Landabaso); Bertsolaritza (Iruri Altzerreka); Gazteria (Hedoi Etxarte); eta Itzulpengintza (Aiora Jaka).

Zabaldu:

Utzi erantzuna