Maider Etxebarria alkatea eta Lukas Etxebarria Lazarraga elkarteko kidea. (argazkia: Gasteizko Udala)

Gasteiz Antzokia irekitzeko akordio batera heldu dira Lazarraga Kultur Elkartea eta Udala

Akordioa 2024ko hitzarmena sinatzean jarriko da abian. Horri esker, Lazarraga Ruiz de Bergara jauregian sartu ahal izango da eta laster hasiko dira jarduerak programatzen.

Gasteiz Antzokia zabaltzeko akordioa adostu dute Lazarraga Elkarteak eta Gasteizko Udalak. Arabako Aleak bere atarian jakinarazi duenez, “bost urteko epean ordainduko du zorra kultur elkarteak, eta hitzarmenean hainbat egokitzapen egingo dituzte egitasmoa lehenbailehen martxan jartzeko eta 2023ko diru zuriketan gertatutako arazoak berriz ere gertatu ez daitezen”.

Akordioa, beraz, 2024ko hitzarmena sinatzean jarriko da abian. Horri esker, Lazarraga Ruiz de Bergara jauregian sartu ahal izango da eta laster hasiko dira jarduerak programatzen. Hitzarmenaren baldintzak Tokiko Gobernuaren Batzordeak egingo duen hurrengo bileran berretsiko dituzte urteko hitzarmena onartzean.

Lazarraga Elkarteko lehendakari Lukas Etxeberriak azaldu duenez, “Kultur Elkartea itxaropentsu dago lortu den akordioarekin. Batetik, Gasteiz Antzokia proiektuaren korapiloa askatzen asmatu dugulako, eta zentzu honetan, espero dugu bizi izan dugun bezalako egoera saihesteko elkarlan zintzoa lortuko dela egungo Udalarekin. Eta, bestetik, itxaropentsu gaude, Gasteizen, berriro ere, kultura sortzeko eta euskal kulturaz gozatzeko aukera izango dugulako Izaskun Arrue Kulturgunean”.

Maider Etxebarria alkatea, bere aldetik, pozik agertu da akordioarekin, izan ere, “pauso honi esker, Gasteizen bultzada handia emango diogu euskarazko kulturaren garapenari. Horren bidez, legealdi honetarako gure gain hartutako konpromiso bat bete eta hiri-proiektua berme osoz jarriko dugu abian”.

Akordioa dela eta, 2024rako plan operatiboa aldatu behar izan da eta dagoeneko Lazarragak aurkeztu dio Udalari. Akordioa hitzarmena sinatu den data eta abenduaren 31 artekoa da. Datu ekonomikoei dagokienez, diru-laguntza, 2024ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitarteko hitzarmena, 325.000 eurokoa izango da, hasiera batean aurrez ikusitako 350.000 eurokoa izan beharrean.

Zabaldu: