Gasteizko Artiumek Donostiako Zinemaldiaren 1977ko edizioa gogora ekarriko du erakusketa baten bidez

Irailaren 9tik abenduaren 8ra arte, Zinemaldiaren artxiboko materialak egongo dira ikusgai, asko inoiz ezagutzera eman gabeak, tartean, gutunak, agiriak, argazkiak eta aldizkariak.

Donostiako Zinemaldiak, Elias Querejeta Zine Eskolak (EQZE) eta Artium MuseoaZinemaldiak 24 edizio izan ditu: ez dugu gogoko izeneko erakusketa irekiko dute irailaren 9an Gasteizko museoan bertan. Erakusketa Donostiako Zinemaldiaren 1977ko edizioan ardaztuko da, alegia, zinema-jaialdiaren kudeaketa Donostiako hiriari eskualdatu ondoren egin zen lehendabizikoan. Ekimena Artium Museoaren Bildumaren Zeru bat, hamaika bide. Praktika artistikoak Euskal herrian 1977-2002 aldian erakusketarekin lotuta dago eta Zinemaldiak eta EQZEk bultzatzen duten Zinemaldia 70: historia posible guztiak proiektuaren parte da.

Trantsizioaren lehen urte haietan, Donostia Zinemaldiaren eraldaketaren abiapuntua izan zen 25. edizioa, zinema- eta politika-esperimentazioko laborategi bihurtu baitzen, gizarte-borroka handiko garaia izanik. Hala, Zinemaldiaren artxiboko materialak egongo dira ikusgai, asko inoiz ezagutzera eman gabeak, tartean, gutunak, agiriak, argazkiak eta aldizkariak.

Pablo La Parra Perez erakusketaren komisario eta EQZEko ikerketa-saileko arduradunaren hitzetan, “1977. urtean, Donostiako Zinemaldiak 25 urte bete zituen, baina edizio hura urteurrena bainoago borrokarako gunea izan zen: hiriak aurrenekoz kudeatu zuen jaialdia, eta aldarrikapen politikorako plataforma bihurtu zen, zinema-jaialdi demokratiko berri bat sortzeko”. Hala, “Zinemaldia 70: historia posible guztiak ikerketa-proiektuaren harira topatutako artxibo-materialetatik abiatuta, erakusketak errotiko aldaketa ekarri zuen urte horri erreparatzen dio”.

Erakusketak segida emango dio La Parrak berak izenburu berarekin 2019ko abenduaren 7an Tabakaleran antolatu zuen ekitaldi publikoari. Bertan, Vivian Ostrovsky zinemagile estatubatuarrak eta Donostiako Emakumeen Batzarreko kide ohi batzuek gogora ekarri zuten Zinemaldiak 1978an antolatu zuen emakumezkoen zinemari buruzko zikloa.

Donostiako Zinemaldiak eta Elias Querejeta Zine Eskolak, zinema-jaialdiaren artxibo bizi bat sortzeko asmoz, elkarlanean abian jarri duten Zinemaldia 70: historia posible guztiak proiektuaren barnean sortu den egitasmo berria dugu erakusketa.

Zabaldu: