(argazkia: Baratza aretoa)

Gasteizko Baratza aretoak ekitaldi berezi batekin ospatuko du bere 10. urteurrena

Ekitaldia larunbatean, abenduak 16, abiatuko da arratsaldeko 19:00etan, Baratza Aretoan bertan.

Gasteizko Baratza Aretoak hamarkada bat bete du eta urte hauetan zentzua eman dion jendearekin ospatu nahi izan du: artistekin eta publikoarekin. Horretarako festa berezia prestatu du, abenduaren 16rako. “Hamar urte igaro dira Garazi eta Unai Lopez de Armentiak, Jemima Canoren laguntzarekin, Gasteizen arte eszenikoetarako espazio bat sortzeko ametsa gauzatu zutenetik. Hamar urte hauetan gauza asko gertatu dira areto barruan zein kanpoan. Hamar urte aldi berean iheskorrak eta betierekoak iruditzen zaizkigunak, begiratzen duzun bezala. Baina gogoek eta ilusioek hor jarraitzen dute. Erresistentzia ekintza hau ez da hemen amaitzen. Artea eta kultura, egunetik egunera, guztien bizitzaren parte izan daitezen borrokatzen jarraituko dugu”.

Hamarkada honetan, jende asko pasatu da Baratza aretotik, Euskal Herriko eta nazioarteko artistak. Zerrenda amaigabea dela diote bertako kideek, “baina batez ere ohorea eta harrotasuna gure espazioan hartu izana”.

Urte hauetan zehar, Scratxe gaua, Zurrunbilo jaialdia, Tzan tzan fest, Bertako fest… aretoak antolatutako ekitaldi asko finkatu dira. Era berean, asko izan dira lankidetza eta aliantzak hainbat eremutako elkarte, ekitaldi eta jarduerekin… “Ezinezkoa da denbora horretan emandako prestakuntza-orduak eta tailerrak zenbatzea. Era berean, proiektuan parte hartu eta lagundu duten pertsonak, programatzen ziren askotariko jardueretan parte hartuz”. Erakundeak ere eskertu nahi izan dituzte emandako babesagatik eta laguntzagatik. Oroimen maitekorra, halaber, aretoko lantaldeko kide izan diren pertsonentzat. Bide batez, Andoni Garaizar gogoratuko dutela nabarmendu dute, “abentura honen hasieran aita bat izan zena guretzat. Mila esker Andoni, beti eramango zaitugu gure bihotzetan! Harro gaude gure harri-koskorra hiriko kultur jardueran jarri dugulako, lengoaia eszeniko berriak, dantza eta antzerki garaikideak, berrikuntza eta sektorearen profesionalizazioa sinetsiz eta bultzatuz”.

Ekitaldia larunbatean, abenduak 16, abiatuko da arratsaldeko 19:00etan, Baratza Aretoan bertan. Artista lagun batzuek ekitaldiaren alde sortzailea eta artistikoa jarriko dute, horretarako sortutako pieza “argitaragabeak” antzeztuz: Kalakalab & Monstrenkoren Corriente continua, J. B. Pedradasen Un hombre para la pieza, Itziar Rekalde eta Garazi Lopez de Armentiaren Hamartratu, eta Idoia Zabaletarena Pasándolo pipa. Emanaldien ostean luntxa prestatu dute eta, ondoren, ospakizunak musikarekin jarraituko du: Lost Tracks to Whynot taldearen Concert, Dancehall erakusketa, eta DJ SanSan… Gainera, ez dira faltako ezustekoak, dress-code bat ere definitu da: “zure ustez, egoerak merezi duen bezala”. Hau hasi besterik ez da…

Ekitaldirako sarrerak http://www.salabaratza.com webgunean edo leihatilan (ekitaldiaren egunean bertan edo aurreko egunetan ere) eskuratu daitezke.

Zabaldu: