(argazkia: Gasteizko Udala)

Gasteizko Beñat Etxepare Antzokiak ikasleentzako 10 ikuskizun eskainiko ditu 2022-2023 ikasturtean

Etorkizuneko ikusleak arte eszenikoetara erakartzea du helburu egitasmoak.

Gasteizko Iparralde gizarte-etxean kokatuta dagoen Beñat Etxepare Antzokiak 2022-2023 ikasturterako programazioa aurkeztu du eta hiriko hezkuntza-ziklo ugariei zuzendutako 10 proposamen eszeniko biltzen ditu.“Beñat Etxepare proiektuak, ‘Ikuslea izatearen artea’ ekimenaren bidez, haur-hezkuntzako, lehen hezkuntzako eta bigarren hezkuntzako ikasleentzako hamaika jarduera eszeniko proposatzen ditu, arte eszenikoetarako etorkizuneko entzuleak sortzeko eta Gasteizko ikastetxe guztietan kulturarako sarbidea demokratizatzeko asmoz”, adierazi du Estibaliz Canto Hezkuntza eta Kultura arloko zinegotziak.

Arantxa Ibañez de Opacua, Vital Fundazioko zuzendariak bere aldetik, proiektu honen bidez, familien baitan komunikazioa bultzatu nahi dutela adierazi du, “etxeko txikienek antzerkiarekin lotuta duten esperientzia eta bizitako emozioen adierazpena abiapuntutzat hartuta”.

Hala, Gasteizko ikasleek Euskal Herriko konpainia ezagunen proposamenekin gozatzeko aukera izango dute. Bambaluak, esaterako, Ñam Ñam lana aurkeztuko du azaroaren 8 eta 9an DBHko ikasleentzat, eta Xirriquiteula Teatro antzerki-taldeak Laika eramango du agertokira azaroaren 16tik 18ra bitartean Lehen Hezkuntzako 2. eta 3 zikloetako ikasleentzat.

Inklusio Kulturaleko eta Sozialeko programak L’Home Dibuixat-en Zapata berriak lana eskainiko du azaroaren 22an, eta Yarleku Antzerkiak Etxerik Txikiena abenduaren 13tik 16ra bitartean Lehen Hezkuntzako lehen zikloko ikasleei zuzenduta.

Lehen Hezkuntzako ikasleek Paraiso Antzerkiaren Kubik ikuskizunaz gozatzeko aukera izango dute abenduaren 12tik 22ra bitartean, eta DBHkoek, aldiz, Rayuela Producciones Teatralesek eskainitako En Bucle lanaz otsailaren 15ean.

Martxoaren 14tik 17ra bitartean, Anita Maravillas Teatro konpainiak Kotondarrak ikuskizuna eskainiko du Lehen Mailako lehen zikloko neska-mutilentzat, eta martxoaren 22tik 24ra bitartean, Factory Compagnia Transadriaticak eta Tir Danzak Ahatetxo Itsusi Baten Egunerokoa antzezlana aurkeztuko dute Lehen Hezkuntzako hirugarren zikloko ikasleentzat.

Paraiso Antzerkiaren bi lanek itxiko dute programa: Lunatikus Cirkus, martxoaren 28tik 30era Lehen Hezkuntzako bigarren mailako ikasleentzat, eta Xocolat, maiatzaren 3tik 12ra bitartean, Haur Hezkuntzako ikasleentzat.

Zabaldu: