¡Muga deitzen da pausoa¡ dokumentala

Gasteizko Euskal Zinema Dokumentalaren Astean lau film luze eta hiru labur ikusgai

Urriaren 26tik 30era bitartean izango dira proiekzioak. Ondoren, ikusleek errealizadoreekin egingo den solasaldian parte hartzeko aukera izango dute.   

Euskal Zinema Dokumentalaren Astearen VI. edizioa egingo da datorren astean Gasteizeko Vital Fundazioa Kulturunean. Hitzordu honek euskal profesionalek zuzendutako dokumental onenen aukeraketa bat eskainiko du. Aurten, gainera, film labur dokumentalei buruzko atal bat izango du. “Askotariko programazio erakargarria izango da: gerrako errefuxiatuen drama, emigrazioa, historia pertsonalak, bidaiak, kartzela, euskara eta armen merkataritza”, azaldu dute antolatzaileek.

Ekimenak hasiera batean, Euskal Zinemaren Astean sartzen zen genero bati eman nahi dio protagonismoa. “Gaurkotasunak eta kalitateak garrantzi berezia eman diote zikloari, eta jardunaldiak dokumentalaren aurkezpenarekin hasiko dira, ondoren emanaldia egingo da, eta amaitzeko, ikusitakoari buruzko solasaldi-eztabaida egingo da. Azken honetan parte hartzeko aukera izango dute ikusleek”. Ohi bezala, asteazkena da film laburrei eskainitako eguna.

Hala, zikloa astelehenean hasiko da, hilak 26, Ane Irazabal eta Cosimo Caridi zuzendari dituen Awlad, hesiak gainditu dokumentalaren emanaldiaz. Mohamed, Aya, Hadi eta Muzhda jatorrizko herrialdeetako indarkeria atzean utzi duten lau haur errefuxiaturen bizitza kontatzen dute dokumentalean. Beren bizitzaren norabideari berriz heltzeko toki seguru batera iristea helburu duen ihesaldi baten lau etapa islatzen dituzte. Haur horiek beren haurtzaroa aldarrikatzen dute, baina, batez ere, eskolara joateko eskubidea, eta normaltasuna berreskuratzeko eta gerran galdutako haurtzaroa berreraikitzeko borrokan ari dira.

Asteartean Larraitz Zuazoren Bai, bagara! lanaren txanda izango da. Iñaki Goirizelaiak euskal berezitasunerantz egindako bidaia erakutsiko digu dokumentalak. Lan honetan euskaldunen balioak azalduko dira, AEBra egindako emigrazio berezia atze-oihal dela. Road movie honetan, elementu komun batean elkartzen diren ekintzaileen dozenaka historia azaleratuko dira: euskaldunen izaeraren berezitasuna, nor gara? galderaren erantzunak aurkitu arte.

Asteazkena dokumental laburraren eguna izango da berriro. Egun horretan hiru lan eskainiko dira: Jorge Moneoren Orbainak, zeinetan Osaba, Aita eta Semearen historia pertsonalek euskal imajinario kolektiboan lerro bat marrazten duten, orbain formako lerroa; Artiko, Josu Veneroren eta Jesus Mari Lazkanoren istorioa, Ipar Poloko Svalbard artxipelagora egindako bidaia bati buruzkoa; eta Infernua, Raul de la Fuenterena, zeinetan Chennuren historia kontatzen duen, hamabost urte zuela lehen delitua egin zuenetik, hau da, kaleko haurra izatea, infernuan sartu zen arte: Pademba Road, Freetowneko helduen kartzela. Bertan, lau urte eman zituen preso.

Laugarren eguneko protagonista Maider Oleagak Elvira Zipitriaren bizitzari buruz egindako Muga deitzen da pausoa dokumentala izango da. Zipitria XX. mendeko euskal kulturaren eta politikaren figura garrantzitsua da, eta Francoren diktaduran euskarazko eskola klandestinoa sortu zuen.

Euskal Zinema Dokumentalaren Astea ostiralean amaituko da Joseba Sanzen Gerra hemen hasten da lanarekin. Ignacio Robles suhiltzaileak Bilboko portuan egindakoa gogoratuko du, Yemengo biztanleak sarraskitzeko Saudi Arabiara zihoan arma kargamentu batean parte hartzeari uko egitean, merkataritza horren interes eta inplikazio ilunak argituko zituen mugimendu sozial bati hasiera eman baitzion.

Emanaldiak egunero izango dira 19:30ean eta sarrera doakoa izango da. Aretoaren edukiera bete arte izango da sartzeko aukera.

Zabaldu: