Lazarraga Elkarteko kideen arabera, “publikoaren erantzuna aparta izan da, eta horrek berresten du, hainbat urtetan aldarrikatu genuen bezala, euskal kulturak horrelako espazio bat merezi eta behar zuela Gasteizen”.
Gasteizko Izaskun Arrue Kulturguneak (IAK) urtebete egingo du zabalik uztailaren 18an eta data berezia ospatzeko asmoz, Lazarraga Kultur Elkarteak egitarau berezia antolatu du. Yogurinha Borovak eta Aurori Badiolak, esaterako, Bingoz Bingo ikuskizuna eskainiko dute Errementari kaleko kulturgune honetan, eta, ondoren dj saio bat izango da. Ekitaldia 20:00etan hasiko da.
Horrez gain, hilaren 16an, giroa berotzeko, IAKko oholtzak bertso-saio berezi baten entsegu orokorra hartuko du. Izan ere, egunotan betetzen den urte bizi eta zirraragarri honetan, 5.000 pertsonak baino gehiagok hartu dute parte Gasteizko kulturgunean garatutako askotariko eta kalitatezko programazioaren bidez. Elkarteko kideen arabera, “publikoaren erantzuna aparta izan da, eta horrek berresten du, hainbat urtetan aldarrikatu genuen bezala, euskal kulturak horrelako espazio bat merezi eta behar zuela Gasteizen”.
Bestalde, ospakizunetik harago, urteurren hau “bide erdian mugarri bat” dela adierazi dute; hausnarketa egiteko unea eta aukera. “Gelditu eta momentu batez atzera begiratu, egindako bideari erreparatzeko, eta jarraian, indarrak hartuta begirada aurrera zuzendu, eskuartean dauden erronkei gogo handiagoz heltzeko”.
Atzera begira, Lazarragak eskerrik beroenak eman dizkie urtebete hau posiblea egin duten guztiei: “Eskerrik asko IAKtik igaro diren artista eta kultur sortzaile guztiei, haiek izan baitira IAKko paretei arima eman dietenak proposamen gogoangarriekin; modu berean, mila-mila esker antolatutako jardueretara hurbildu diren ikusle eta parte-hartzaile guztiei, erakutsitako interesagatik; hainbat jardueratan sarrera guztiak agortu dira, eta argi geratzen da tokiko eta kalitatezko kulturarekiko interesa inoiz baino biziago dagoela Gasteizen”.
Begirada aurrera zuzenduz, berriz, orain arte lortutakoa IAK finkatzeko ez dela nahikoa gogorarazi dute. “Espazio hau oraindik egonkortu beharra dago Gasteizko kultura ekosisteman erreferentziazko euskal topagune bezala. Hori lortze aldera honako hauek ezinbestekoak izango dira: Lazarraga Kultur Elkartearen lan gogorra; Gasteizko Udalaren babes sendoa eta konplizitatea datozen bi-hiru urteetan; proiektua orain arte babestu dutenen laguntza etorkizunean ere mantentzea; saretze lana Gasteizko euskalgintzako eta kulturgintzako eragileekin sakontzea, eta noski; komunitatearen konexioa. Bide horretan, zailtasunak zailtasun, iaz adierazitako moduan, Gasteizen euskal kulturak izango du non eta nola”.