Guztira, hamabi musika-talde igoko dira oholtzara: Adios Amores, Aiko el grupo, Dame Area, Grande Amore, Honeyglaze, Airu, Indabe, Kotoi, Lukiek, Mikosis, Silitia eta Zeba.
Donostia Kulturak eta Bloody Mary diskoetxeak Bolo-Bolo Weekend antolatu dute udazkenerako, Intxaurrondo Kultur Etxean. Bi eguneko jaialdia izango da, urriaren 3an eta 4an, eta musika alternatiboa eta esperimentala entzuteko aukera egongo da, nazioarteko eszena garaikidean nabarmendu diren hamabi talderekin.
Rocka, psych-rocka, punk garaikidea eta pop alternatiboa estiloetan oinarrituta, publiko gazte eta anitzari zuzenduta dago jaialdia. Antolatzaileen esanetan, “Bolo-Bolo Weekendek tokiko eta nazioarteko talentu berriari balioa eman nahi dio, eta aretoetako kontzertuak aldarrikatuko dituen ekitaldi alternatibo bat eskaini nahi du, aretoak esperientzia komunitario batez gozatzeko musika-babeslekuak baitira. Makrojaialdien kontzeptutik eta filosofiatik erabat aldenduz, jaialdi honetan ez da gainjartze deserosorik egongo, ezta gehiegizko preziorik ere, eta Intxaurrondo Kultur Etxean egingo da, baldintza akustiko bikainak eta edukiera mugatua duen espazio batean, erosotasunez gozatu ahal izateko, ingurumenarekiko errespetuzko ingurune intimo batean”.
Guztira, hamabi talde igoko dira oholtzara: Adios Amores, Aiko el grupo, Dame Area, Grande Amore, Honeyglaze, Airu, Indabe, Kotoi, Lukiek, Mikosis, Silitia eta Zeba.
Zuzeneko musikaz gain, eskaintza gastronomikoa, edariak eta beste ezusteko batzuk ere izango direla nabarmendu du antolakuntzak. Donostia Kulturaren arabera, “musika-komunitate alternatibo eta hurbileko bat eraikitzearen aldeko apustua egiten duen Bloody Maryrentzako etapa berri baten hasiera gisa aurkezten da Bolo-Bolo Weekend.
Kontzertuak 19:00etatik aurrera izango dira eta sarrerak uztailaren 2tik aurrera jarriko dira salgai, 11:30ean, Victoria Eugenia Antzokiko leihatilan eta www.donostiakultura.eus/sarrerak webgunean.