Kaleko Arteen Nazioarteko Erakusketak agertoki berriak izango ditu aurten: Armentiako basoa, Memoriaren plaza eta Europa Jauregia.
Kaldearte jaialdia ekainaren 8an itzuliko da Arabako hiriburura eta hil horren 11ra arte arte luzatuko. 35 konpainiak hartuko dute parte hamazazpigarren edizio honetan, horietatik sei arabarrak izango dira, hamar Euskal Herrikoak eta hemeretzi nazioartekoak. Orotara 71 ikuskizun eskainiko dituzte eta horietako bi estreinaldi absolutuak izango dira, beste bi Estatu espainiar mailako estreinaldiak eta sei Kaldeartek berak ekoitzi ditu.
Aurtengo edizioak Kaldearteren nortasun-ezaugarri eta osagai guztiak izango dituela nabarmendu du antolakuntzak: “erraz ezagutzeko moduko programazio-eskema, Europa osoan arrakasta izaten ari diren ekoizpenak, Euskal Herriko eta tokiko kaleko sorkuntzari emandako babesa, modu esklusiboan edo batez ere emakumeek osatzen dituzten konpainien protagonismo handia, euskarazko ikuskizunen presentzia handiagoa, ikuskizun eszeniko inklusiboak…”
Aurtengoan, gainera, Kaldearten parte hartuko duten konpainia kopurua eta aurrekontua handitu egingo direla azpimarratu dute. Hala, ordutegi-tarte batzuetan programazioa areagotuko da eta ikuskizunak 22 espaziotara iritsiko dira. Horietako batzuk berriak izango dira: Armentiako basoa, Memoriaren plaza edo Europa Jauregia, esaterako.
Estibaliz Canto Hezkuntza eta Kultura arloko zinegotziak eta Fernando Marin Kaldearteko Kultura Zerbitzuko teknikari eta programatzaileak 2023ko egitarauaren xehetasunak eman dituzte eta iragarri dutenez, “aperitibo gisa, ekainaren 8an, osteguna, lehen ikuskizuna eskainiko da: Orain-Bi konpainia gasteiztarraren Mute”. 19:00etan izango da emanaldia San Kristobal auzoko Txirula plazan.
Inaugurazio ofiziala, hala ere, ekainaren 9an egingo da, gaueko 23:00etan, Artium Museoaren kanpoko fatxadan. Harrobia Dantza Bertikalak Dendu izeneko dantza bertikaleko ikuskizuna eskainiko du Oreka TX taldearen zuzeneko musikarekin. Ikuskizun bera larunbatean ere ikusteko aukera egongo da.
Emanaldi horrek emango dio hasiera denetik izango duen programazioari. Egitarauaren barruan, honako hauek izango dira, besteak beste: zortzi metroko altueran trapezioarekin eta malabareekin egingo duten ikuskizuna, txalapartaren erritmoan egindako dantza bertikala, alegiazko animalien artean basoan zehar egingo den ibilaldia, ametsen koloretako tela zuriz forratutako parkea, aurretik ikusita zegoen moduan amaitu ez zen ezkontza, dantza-ikuskizun handiak, zirkuko karpa bat, koprodukzioak, Max sariak jaso dituzten konpainiak…
Egitaraua, hemen.