Urriaren 22an eta 23an izango da Liburutegien Egunarekin batera, Iradier Arenan.
Pandemiaren ondorioz bi urte bertan behera geratu ondoren, bueltan da Liburuak Trukatzeko Azoka. Gasteizko Udalak iragarri duenez, urriaren 22an eta 23an izango da, Liburutegien Egunarekin batera, Iradier Arenan. “Sekulako poza da gure hiriko udazkeneko kultur egutegian hitzordu hau berreskuratu ahal izatea. Aurten hamabigarren edizioa izango duen Liburuak Trukatzeko Azokarekin, irakurtzearen plazerra bultzatu nahi dugu adin guztietako pertsonen artean liburuak trukatuta. Gasteizko etxeetako liburutegiak freskatzeko eta eguneratzeko modu ona izan daiteke”, adierazi du.
Halaa, Liburutegien Udal Sareak trukatzeko 5.000 liburu baino gehiagoko ekarpena egingo du, eta gehienez bost liburu trukatu ahal izango dira bi ataletan banatuta: haurrentzako edo gazteentzako liburuak eta helduentzako liburuak. Helduentzako literaturaren atalean, aldi berean, hiru kategoria egongo dira: 2010etik aurrerako edizioak, 2000tik 2009ra bitartekoak eta 1999 baino lehenagokoak.
Udalak nabarmendu duenez, “ez dira onartuko aldizkariak, entziklopediak, bideoak, DVDak eta CDak, testu liburuak, unibertsitateko liburuak, informatikakoak edo teknikoak. Era berean, ezingo dira trukatu azpimarratuta, hautsita edo egoera txarrean dauden liburuak, liburuki solteak eta bidaia gidak, geografiako liburuak eta azterlan soziodemografikoak”.
Azoka 11:00etatik 14:00etara eta 17:30etik 20:30era egongo da zabalik urriaren 22an, eta 11:00etatik 14:00etara hilaren 23an.
Azokarekin batera, kultur jardueren egitarau zabala egongo dela iragarri du antolakuntzak. Urriaren 22an hasiko da, 11:15ean, Orri-markagailuak tailerrarekin, eta Twin Room taldearen kontzertuarekin jarraituko du 12:30ean. Arratsaldean, berriz. 17:30ean, Istorioak kontatzen dituzten harriak haurrentzako lantegia izango da, eta Iñaki Carreterok eskainiko duen Ganbaran aurkitu dudan altxorra ipuin-kontaketa musikala 18:30ean.
Hurrengo egunean, 11:00etan, Pop up 3D haurrentzako tailerra egingo da, eta ondoren, Twin Room taldearen beste kontzertu bat izango da, 12:30etik 14:00etara bitartean.
Gainera, asteburu horretan zehar, Gazteentzako VII. Nanoipuin Lehiaketarekin lotuta, Euskadi ID-arte Arte eta Goi Mailako Diseinu Eskolako ikasleek egindako animazioen karatulez, argazkiez eta ilustrazioez eta ipuin irabazleekin egindako erakusketaz gozatzeko aukera egongo da.