Gasteizko mintzalagun guztientzat ‘mintzodromo’ bat antolatu dute abenduaren 2rako

Euskal hiztun gehiago ezagutzea eta modu dinamiko eta dibertigarri batean euskara praktikatzea ditu helburu Mintz(a)dromoak. Montehermoso kulturuneko ur-biltegian egingo dute ekimena.

Sei laguneko taldetxoetan, mahai baten inguruan jarri eta lagun giroan euskaraz hitz egiteko parada izango dute gasteiztarrek datorren abenduaren 2an, arratsaldeko 18:30etik aurrera.

GEU elkarteak eta Oihaneder Euskararen Etxeak antolatzen dute urtero Mintz(a)dromoa, eta “euskal hiztun gehiago ezagutzea eta modu dinamiko eta dibertigarri batean euskara praktikatzea” ditu helburu.

Antolatzaileek azaldu dutenez, Gasteizko Montehermoso kulturuneko ur-biltegian egingo dute ekimena. Bertan, hamar mahai jarriko dituzte eta mahai bakoitzean gai baten inguruan hitz egiteko aukera egongo da. Horretarako, irudi desberdinen laguntza izango dutela adierazi dute.

Honetaz gain, solasaldiak dibertigarriagoak izateko erronka bat proposatuko dute antolatzaileek, eta sariak eta zozketak egongo direla ere iragarri dute.

Parte hartu nahi duenak izena eman beharko du, hemen.

Zabaldu: