(argazkiak: Gasteizko Udala)

Gasteizko Montehermoso kulturuneak Eulalia Abaitua argazkilaria omenduko du

Estereoskopiak: 16+16 erakusketa apirilaren 24ra arte egongo da ikusgai.

Emakume Langilearen Nazioarteko Egunarekin bat eginez, Estereoskopiak: 16 + 16 izeneko erakusketa aurkeztu dute Gasteizko Montehermoso kulturunean. Erakusketa honekin Eulalia Abaitua (Bilbo, 1853-1943) argazkilaria omendu nahi dute.

Eulalia Abaitua Euskal Herriko lehen emakume argazkilariaren irudi-altxorra da, eta Bilboko Euskal Museoak ditu zaintzan.

Estereoskopiak: 16+16 erakusketak hautsi egiten ditu ohiko formatuak, batu egiten baititu Abaituaren hamasei argazkiren iragan bisuala (hiru dimentsiotako betaurrekoen bidez ikusiko duguna) eta ahozko oraina, emakume idazleek euskaraz grabatutako audioak (audio-giden bidez entzun ahal izango dira).

Idazle hauek arduratu dira irudiei hitzak jartzeaz: Katixa Agirre, Uxue Alberdi, Aurelia Arkotxa, Yolanda Arrieta, Leire Bilbao, Itxaro Borda, Tere Irastortza, Karmele Jaio, Mariasun Landa, Miren Agur Meabe, Laura Mintegi, Lourdes Oñederra, Eider Rodriguez, Danele Sarriugarte, Ana Urkiza eta Arantxa Urretabizkaia.

Euskal Herriko lehen emakume argazkilaria

Eulalia Abaitua Euskal Herriko lehen emakume argazkilaritzat jotzen da. 1870. urte inguruan, familia Liverpoolera joan zen bizitzera, eta, argazkigintzan hasi zen, bai materialak bai teknika lantzen. Material gisa beirazko plaka estereoskopikoak (positiboak eta negatiboak) eta gelatina-bromuroaren emultsioa erabiltzen zituen, Liverpoolen garai hartan fabrikatzen hasiak.

1878an Bilbora itzuli zen senar eta seme-alabekin, eta Begoñako Pinuaren jauregian finkatu zen. Eraikinaren sotoan argazki-laborategia jarri zuen, eta ordu ugari eman zituen bertan kamerarekin ateratako irudiak errebelatu, ikusi eta artxibatzen. Abaituak begirada arretatsu eta sentikorrez atera zizkien argazkiak Euskal Herriko jende eta lekuei, XX. mende hasierako landa- eta hiri-giroko gizartearen isla baitziren.

Argazkietan euskal ohitura, festa eta tradizioak islatu zituen. Emakume ugariren erretratuak egin zituen eta protagonismo eta duintasun handia eman zien: sardina-saltzaileak, arropa-garbitzaileak, esnedunak, ura garraiatzen ari ziren emakumeak, nekazariak… Erretratuak ia beti kanpoan atera zituen, argi naturalarekin. Profil, busto edo gorputz osoko erretratuak dira.

Erakusketa apirilaren 24ra arte egongo da ikusgai Montehermoso kulturuneko lehen solairuko aretoan.

Zabaldu: