Urriaren 31n ospatzen da Gau Beltza, Euskal Herriko gero eta herri gehiagotan. Azken urteetan ohitura zaharrak berreskuratuz, jaia berrasmatzen hasiak dira hainbat herritan. Ospakizun horietako antolatzaile zein parte hartzaileekin bildu, ikuspegi ezberdinetako ekarpen berriak jaso, eta adostutako oinarri partekatu batekin osatu du Euskaltzaleen Topaguneak Gau Beltza antolatzeko baliagarri izan nahi duen baliabide kutxa.
Euskaltzaleen Topagunearen arabera, egunerokoarekin hautsi eta bestelako bizipenak izateko aukera eskaintzen digute jaiek. Elkarrekin ospatuta, gainera, kohesio soziala indartzeko tresna baliotsua dira, komunitatea sortzekoa. Jaiak euskaratik eta euskaraz antolatu eta bizitzearen garrantziaz jabetuta, berreskuratzeko bidea abiatu duen jai baten zabalpenean akuilu izan nahi du Topaguneak: Gau Beltza edo Arimen Gaua bezala ezagun egiten ari den jaia hain zuzen.
Jaime Altunak eta Josu Ozaitak pasa den urtean plazaratutako Itzalitako Kalabazen Berpiztea (UEU) lan etnografikoa oinarri hartuta, dagoeneko erritual hauen berreskurapen edo berrasmatzean hasiak diren herrietako esperientziak jaso ditu Topaguneak horretarako. Antolatzaile zein hartzaile izan direnekin bildu, ikuspegi ezberdinetako ekarpen berriak jaso, eta guztien artean adostutako oinarri partekatu batekin osatu dute edozeinen eskura dagoen tresna proposamena, Gau Beltza antolatzeko baliabide kutxa, alegia. Itsaso Lekuona Euskaltzaleen Topaguneko ordezkariak nabarmendu duenez, “gure asmoa da Gau Beltza antolatzen animatzen den edozein talderentzako baliabideak eskura jartzea, guraso elkarte izan, ludoteka, udaletxe, gazte talde… edozeinentzako baliagarria den material bat sortu dugu”.
Tresna eta gonbidapena da aldi berean: bakoitzaren errealitatetik abiatuz, oinarri partekatua izango duten Gau Beltzak herriz herri antolatzeko gonbidapena. “Kutxa zabaldu, irakurri, ukitu, ordenatu, baztertu, gehitu…”.
Kutxan eta webgunean ondoko baliabideak aurkitu daitezke: jaiaren jatorriaren azalpena eta testigantzak, sustatu nahi diren baloren deskribapena, prozesuan laguntzeko gomendioak, ospakuntzarako ekintza proposamenak eta komunikazio euskarriak.