(argazkia: Ordiziako Udala)

Gaur abiatuko da Ahoz Aho Ahozkotasunaren Nazioarteko Jaialdia Zerainen

Jaialdia martxoaren 31ra arte luzatuko da eta 30 kontalarik 50 kontaketa saio eskainiko dituzte hainbat herritan.

Ahoz Aho Ahozkotasunaren Nazioarteko Jaialdiaren edizio berria abiatuko da gaur Gipuzkoako hainbat herritan eta Iruñean. Hala, beste urte batez, neguari agur esan eta udaberriari ongietorria emango dio hitzaren eta ahozkotasunaren bidez. Jaialdia martxoaren 31ra arte luzatuko da eta 30 kontalarik 50 kontaketa saio eskainiko dituzte.

Adur Ezenarro Ordiziako alkateak adierazi duenez, “Ahoz Aho jaialdiak gure sustraiekin lotzen gaitu, gure ama hizkuntza den euskararen bidez. Euskara iraganarekin estu lotuta dago, eta jaialdi honetan sortzen diren harremanek hori erakusten dute; mundu zabaletik Euskal Herrira etortzen diren artistak ditugu, eta garrantzitsua da ikusmira zabaltzea, gure historiatik abiatuta aberasten jarraitzeko”. Halaber, Ezenarrok nabarmendu du ahozko transmisioak inoiz baino garrantzi handiagoa duela “adimen artifizialaren garaiotan”.

Goiuri Ezeiza Tolosako Udaleko Kultura zinegotziak, bere aldetik, ahozkotasunaren balioa nabarmendu du egungo testuinguruan, eta gogorarazi du egun hauetan Agate Deuna ospatzen ari direla: “Ahotsaren bidez transmititzeak duen garrantzia gogorarazten digu egun honek. Ahozkotasunari eta hitzei esker unibertso erraldoiak eraiki daitezke”. Urtero bezala, “programa oso aberatsa eta askotarikoa” dela ere azpimarratu du, eta nabarmendu du genero aniztasuna ere kontuan hartu dela egitaraua osatzerakoan.

Jaialdia Tolosan eta Ordizian hasi eta hazi zen, eta urtez urte herri gehiago gehitu dira hitzaren festa honetara, gaur egun Euskal Herriko kontalaritza jaialdirik erreferentzialena bihurtu arte. Euskal kontalari ugarirekin batera, nazioarteko artista ezagunak ere izango dira aurten: Estatu espainiarra, Kolonbia, Grezia, Italia, Kuba eta Perutik etorritako kontalariak, besteak beste.

Egitarau osoa

Zabaldu:

Utzi erantzuna