Brad Mehldau, Cecile McLorin Salvant, Silvia Perez Cruz, Kenny Barron, Noa, Chucho Valdes, Jorge Pardo, Buika, Gonzalo Rubalcaba, Bill Frisell eta Marc Ribot dira 56. Jazzaldiko kartel buruak. Orotara 60 kontzertu eskainiko dira, tartean 29 doakoak.
Gaur hasi eta igandera arte luzatuko Donostiako Jazzaldiaren 56. edizioa. Orotara 60 emanaldi jasotzen ditu egitarauak, horietatik 29 doakoak.
Jazzaldian arituko diren lehen mailako musikarien artean, hauexek izango dira: Brad Mehldau, Cecile McLorin Salvant, Silvia Perez Cruz, Kenny Barron, Noa, Chucho Valdes, Jorge Pardo, Buika, Gonzalo Rubalcaba, Bill Frisell eta Marc Ribot. “Zerrenda hori osatzeko, ikusleek gutxiago ezagutuko dituzten artista bikain batzuk daude, hala nola Naïssam Jalal, Franco de Andrea, Marco Mezquida, Giovanni Guidi, Jean Toussaint, Eric Seva eta Marcin Masecki”. 56. edizioko programazioan, nabarmentzekoak dira emakumezko ahots anitzak eta piano jotzaileek eskainitako kontzertuen kopuru handia.
Jaialdiak euskal jazzaren aldeko apustuari eutsi dio, eta bertako 23 talde eta bakarlari arituko dira Kursaaleko terrazetako kontzertuetan: Les Fous, Swingtronics, Dos, Horda, Sara Mansilla, De 2 en Blues Band, No More Jazz Brass Band, Sara Azurza…
Haurrek ere jazzaz gozatzeko aukera izango dute, Txikijazz goizeko kontzertuei esker: Hollywood Band Kids, Swingtronics, Ghost Number eta Oreka TX izango dira taldeetako batzuk. Kontzertuok sarrera libre izango dute edukiera bete arte, 12:00etan hasiko dira Guuk Gunean eta Kutxa Kulturren (Tabakaleran).
Donostiako Jazzaldia Saria
Jaialdiak sari bana emango die Chucho Valdes eta La Locomotora Negrari. Bebok, Valdesen aita, sari bera irabazi eta hogei urtera jasoko du saria semeak; urte hartan, aitak eta semeak oholtza partekatu zuten 38. Jazzaldiko kontzertu gogoangarri batean.
La Locomotora Negrak, bestalde, 50 urte egingo ditu aurten eta jakitera eman duenez, azken aldiz igoko dira oholtzara. Jazzaldiak aitortu eta eskertu nahi die egin duten ibilbidea sariarekin.
Jazzaldiak, bestalde, zuzenean zabalduko du streaming bidez 18 artistaren kontzertuak, doako sarbidea emanez. Trinitate Plazako bederatzi kontzertu jarraitu ahal izango dira era horretan, baita FCC Victoria Eugenia Antzokian egiten diren guztiak ere; bertan egingo da, hain zuzen, VII. JazzEñea. Streaming hori webgunean, APPean eta Youtube kanalaren bidez jarriko da ikusgarri.