Gaur abiatuko da Harrotu zentroaren udaberriko doako programazioa, Iruñean

Topaketek, efemerideek, lantegiek, antzerkiak, literaturak, boluntariotzak eta hitzaldiek osatuko egitaraua.

Harrotu LGTBI kolektiboaren inguruan informatzeko eta haien parte hartzea nahiz eskubideak sustatzeko Iruñeko Udalaren Zerbitzuak udaberriko programazioari hasiera emango dio gaur irakurketa-klubarekin. Zentroak doako hamar bat jarduera eskainiko ditu, besteak beste, hitzaldiak, antzerkia, topaketak eta efemerideen ospakizunak. Jarduerak bost programatan banatuta daude Iruñeko LGTBIQ+ pertsonak eta kolektiboak bildu, solastu eta batera lan egiteko sareak sortzeko.

Jarduera gehienak doan izango dira San Gregorio kaleko Harrotu zentroan, arratsaldez, 18:00etan. Horietako lehena, irakurketa-kluba, gizarte- eta kultura-jardueren programaren parte da, eta gaur abiatuko da Elisa Collen Resistencia bisexual: mapas para una disidencia habitable lanarekin. Irakuirle irakurketa klubak dinamizatuko du: Tania Filgueira Hizkuntza eta Literaturako irakaslea eta Adriana Cerdan Filosofiako irakaslea –biak LGTBI+ aktibistak–.

Gizarte- eta kultura-programak Soy / Naiz liburuaren aurkezpena ere barne hartuko du, Iosune Etxarte eta Oihana Etxarteren eskutik. Aurkezpen hori euskaraz egingo da, apirilaren 18an, 18:00etan. Gainera, maiatzaren 16an, Liberarse antzezlana taularatuko dute Iturramako Civivoxean eta sarrera librea izango da. Atal horri amaiera emateko, Sonia Elizondo Martinezen Mujer en constante evolución poema-bildumaren aurkezpena egingo da ekainaren 4an.

Beste programetako bat oinarrizko LGTBI+ sentsibilizazio- eta prestakuntza-programa da, eta Roller Derby: kirola, inklusioa eta autogestioa hitzaldia eskainiko du, apirilaren 23an, Geltoki aretoan, autobus-geltoki zaharrean. Roller Derby Nafarriors taldeko Unai Oroz Toralek, Maite Ciganda Azcaratek eta Amaya Tapia Abregok parte hartuko dute.

Ahalduntze pertsonala eta kolektiboa

Norbera ahalduntzeko programak hiru jarduera proposatzen ditu, denak Harrotun, 18:00etan eta aldez aurretik izena emanda. Lehenengoa LGTBI+ ELT (LGTBI+ pertsonek Elkarri Laguntzeko Taldea) da, apirilaren 30ean, eta euskaraz zein gaztelaniaz egiteko aukera egongo da. Hurrengo jarduera Harrotuko armairua izango da, maiatzaren 31n, genero-rolak apurtu eta askatasunez adierazi ahal izateko. Jarduera Amaya Sanz-Luna Femmek dinamizatuko du. Bloke horri amaiera emateko Nire espazioa arteterapia-lantegia egingo da apirilaren 12an; 6 eta 12 urte bitartekoei zuzenduta dago eta autokontzientzia, autoestimua eta gorputz-aniztasuna landuko dira. Ana Rosa Sanchez da jarduera horren arduraduna.

LGTBI+ kolektiboaren ahalduntzea sustatzen duen programak lau efemeride eta bi topaketa-bloke ospatuko ditu: letraren araberako topaketak eta topaketa intersekzionalak. Lehenengo hitzordua apirilaren 26an izango da, ‘L’ lesbianen eta ‘B’ bisexualen topaguneekin, horiekin batera Sara Fuenteren ikuskizuna eta Dekumas LBT taldeko boluntarioek dinamizatutako festa bat ere egingo dira, Ikusgaitasun Lesbikoaren Egunaren karietara.

Topaketa intersekzionalak maiatzaren 23an hasiko dira, Fenix elkarteak dinamizatuko duen LGTBI+ migratzaileen topagunearekin. Horien ondoren, LGTBIfobiaren aurkako gazteenak eta LGTBI+ adinekoenak egingo dira.

Zabaldu: