(argazkia: Donostia Kultura)

Errobi taldeak jasoko du aurtengo Donostiako Adarra Saria

Duhaldek eta Ducauk ekainaren 21ean, Musikaren Europako Egunean, Donostiako Victoria Eugenia Antzokiko oholtzan jasoko dute Marijose Rekalde eskultoreak egindako sariaren garaikurra eta segidan kontzertua eskainiko dute.

Amaia Ispizua musika sustatzaileak, Jaione Askasibar Donostia Kulturako Komunikazio eta Irudi zuzendariak eta Esther Fernandino Donostia Kulturako Musika teknikariak osatutako Aholku Batzordearen proposamenez jasoko du Errobi taldeak 2024ko Adarra Saria.

Batzordearen arabera, “taldea erabakigarria izan zen rock progresiboa eta psikodelia Euskal Musikan barneratzeko. 1973tik 1985era arte, Anje Duhalde eta Mixel Ducau buru zituen laukotea euskal musikaren abangoardian jarri zen, eta Euskal Herrian goraipamen gehien jasotako diskoetako bat ekoitzi zuen: Ametsaren Bidea. Zubi bat eraiki zuten belaunaldien artean, eta sortu zituzten abestietako asko gehitu dira herri ondarean”.

Taldeak “esker onez eta ohore handiz” hartu du duela mende erdi hasi eta hazi zuten lana edota uzta saritzen duen ezaugarri dotore hau. “Milesker Donostia udalerriko Kultur sailari gutaz gogoraturik. Gora zuek, gora musika eta gora gure euskara!”.

Duhaldek eta Ducauk ekainaren 21ean, Musikaren Europako Egunean, Donostiako Victoria Eugenia Antzokiko oholtzan jasoko dute Marijose Rekalde eskultoreak egindako sariaren garaikurra eta segidan kontzertua eskainiko dute kolaboratzaile talde zabal baten laguntzarekin.

Kontzerturako sarrerak bihar, apirilak 11, jarriko dira salgai, goizeko 11:30ean, 20 euroren truke, Victoria Eugenia Antzokiko eta Antzoki Zaharreko leihatiletan eta donostiakultura.eus/sarrerak webgunean.

Zabaldu: