Uxue Alberdi eta Begoña Durruty 'Esne-berriketan' liburuaren aurkezpenean (argazkia: Kultur Sharea)

Gaur abiatuko da ‘Literatura geraldiak’ ekimena Nafarroako hainbat eskualdetan

Guztira hamazortzi ekitaldi antolatu dira, gehienak literatura solasaldiak, bertso-saioak, aurkezpenak, eta baita hitzaldiak ere. Lehen saioa gaur izango da Uxue Alberdiren eskutik, Altsasuko Iortia Kultur Gunean.

Literaturarekin eta irakurzaletasunarekin lotutako ekimena abiatu dute berriro ere Bortzirietako Euskara Mankomunitateak, Altsasuko Udalak, Baztango Udalak, Nafarroako Iparraldeko Euskara Mankomunitateak eta Sakanako Mankomunitateak. Literatur Geraldiak du izena ekimenak eta euskaraz irakurtzeko ohitura eta zaletasuna zabaltzea, herritarren euskarazko kultur kontsumoa indartzea, euskal liburugintza indartzea, liburutegi publikoen erabilera bultzatzea eta esperientzia literarioa elkarbanatzea ditu helburu.

Martxotik maiatzera bitartean, guztira hamazortzi saio antolatu dira: solasaldiak, hitzaldiak, bertso-saio literarioa, aurkezpenak eta emanaldiak. Euskal literaturaren hainbat ahots eta sortzaile izango dira protagonista, publikoari euren lanak gerturatu eta literatur esperientziak partekatzeko aukera eskainiz.

Zikloa gaur abiatuko da Altsasuko Iortia Kultur Gunean. Uxue Alberdik, Amorantek, Sarai Roblesek eta Miren Artetxek Esne berriketan izeneko bertso saio-literarioan hartuko dute parte. Esne berriketan Alberdik berak idatzi eta Begoña Durrutyk ilustratutako kontaketa liburua da. Idazleak emakumeen ahotik eta bihotzetik jasotako esperientziak bildu ditu lan honetan.

Maiatzera bitartean, hainbat idazlek hartuko dute parte zikloan, horien artean dira, besteak beste, Eider Rodriguez, Mikel Pagadizabal, Laura Mintegi, Itxaro Borda, Ainhoa Urien, Itxaso Martin eta Bea Salaberri.

Zabaldu:

Utzi erantzuna