Erakusketak euskararen aldakortasuna eta aberastasuna (lexikoa, izen-morfologia, aditz-morfologia eta sintaxia) erakusketea du helburu.
Gaur irekiko ditu ateak Euskara Ibiltaria izeneko erakusketak Gasteizko Montehermoso kulturunean Oihaneder Euskararen Etxean.
Euskara Ibiltaria Euskaltzaindiaren Euskararen Herri Hizkeren Atlasa (EHHA) egitasmoa oinarritzat duen erakusketa ibiltaria da, eta argitalpenak bezala, helburua euskararen aldakortasuna eta aberastasuna erakustea da (lexikoa, izen-morfologia, aditz-morfologia eta sintaxia). Hala, Akademiak jendarteari itzuli egin nahi dio atlasa egiteko euskal jendartearengandik jasotako jakituria.
Horretarako, erakusketa bost atal nagusitan banatuta dago (Tokiak, Materialak, Argia eta soinua, Natura, eta Bizitza), eta atal horietako bakoitzean atlaseko mapen hautaketa bat erakusten da, bisitariari aldaera horiek era bisualean erakutsiko dizkiona. Horrez gain, erakusketak jokoak, animazioak eta entzungaien gisako tresnak ere erabiltzen ditu herri hizkeren aberastasun hori erakusteko.
Zentzumenek bestalde, presentzia dute erakusketa honetan: ikusmenaz gain, entzun egin daitekeena, uki daitekeena, dastatzekoa eta, azkenik, usaintzekoa. Erakusketa honetan bisitariak, euskararen aberastasunaz ohartzeaz gain, hizkuntza-atlas bat zer den ikusteko aukera izango du, eta horren bidez, garai bateko (XIX. eta XX. mendeak) bizimodua, gizartea eta ohiturak ezagutzekoa.
Euskaltzaindiaren eskutik datorren erakusketa hau apirilaren 26ra arte bisitatu ahal izango da Gasteizko Montehermoso kulturunean-Oihaneder Euskararen Etxean, asteartetik ostiralera (17:00-20:00), larunbatetan (11:00-14:00 eta 17:00-20:00) eta igandeetan (11:00-14:00)
Bilduma fisikoaz gainera, Euskaltzaindiaren webgunean ere badago Euskara ibiltaria ezagutzeko aukera, hain zuzen, lotura honetan.