AEK-Korrikak eta GES-ek elkarlanerako akordioa adostu zuten joan den ostiralean. Gazteek 24. Korrikan aktiboki parte hartzeko gonbita egin diote euskal gazte jendarteari, eta indar kolektibo hori erakutsiko duen bereizgarria aurkeztu dute: gazte zapia.
Gazte Euskaltzaleen Sarea ez dago pozik euskararen egoerarekin. Hala adierazi du AEK-Korrikarekin egindako bileran: “Gaur inoiz baino garrantzitsuagotzat jotzen dugu euskararen aldeko bulkada berri bat eragitea, eta Korrikak horretarako testuinguru aproposa eskaintzen du, gazteontzako pizkunde berri bat eragiteko, euskararen aldeko gazte olatua”.
Hartara, proposamen zehatza luzatu dio euskal gazte jendarteari: lekuan lekuko Korrika batzordeetan parte hartzea era aktibo batean. Euskal Herriko auzo eta herritan osatzen diren batzordeetarako gida bat prestatu dute euskararen bueltako kontzientziazio eta aktibaziorako: “Helburua gure auzoko gazteria euskararekin mugitu eta konpromisoak hartzeko erronkak bultzatzea izango da”, adierazi dute.
Gazte olatu hau ikusarazteko bereizgarria sortu, eta Korrika bitartean jantzita eramateko deia egin dute: “gazte zapia”. Aipatu batzordeetan egongo da eskuragarri euro baten prezioan: “Irudikatu dezagun batzordez batzorde egiten dugun lan hori lasterketan bertan”.
Ane Elordi Korrikako arduradunak, bere aldetik, esker hitzak izan ditu GESek izandako ideiari, “gazteoi askotan esaten digute zer egin behar dugun, eta hori baino, uste dugu beharrezkoa dela gazteoi espazioak eskaintzea ekiteko eta eragiteko. Zentzu horretan, Gazte Euskaltzaleen Sareak egindako proposamena guztiz bat dator Korrikaren mezuarekin”. Hala, dei berezia egin die Elordik AEKko kideei, baita eragileei ere, eta Korrika batzordeetan parte hartzen duten lagun guztiei, gazteekin bat lan egiteko euskararen alde: “Piztualdirik izango bada, gazteekin izan beharko da”.