(argazkia: Durangoko Azoka)

Gaztea eta arrakastatsua izan da aurtengo Durangoko Azoka

Deialdiari erantzun ona eman diote kulturazale gazteek eta Gerediaga elkarteak euskararen eta euskal kulturaren transmisioan ekarpena egiten jarraitzeko asmoa azaldu du.

Bost egunen ostean, Durangoko Azokak ateak itxi zituen atzo eta lehen balorazioa egiteko unea heldu zaie antolatzaileei. 58. edizio hau arrakastatsua izan dela nabarmendu dute lehenik. Lehen hiru egunetan jendez lepo egon da Landako gunea, azken bi egunetan lasaixeagoak izan diren arren, jende mordoa ibili da. Antolatzaileen esanetan, “jendetsua, bizia, irudimenez jantzia, anitza, parte-hartzailea. Fantasiazkoa, berba batean esanda. Bost egunetan zehar, nobedadeak ezagutzeko zein ekitaldietan parte hartzeko gogoa nabarmena izan da”.

Aurreikusi bezala, azoka gaztea izan dela ere aipatu dute. Izan ere, deialdiari erantzun ona eman diote kulturazale gazteek, eta Durangoko Azokara batu dira. “Aurkezpenak jarraitzen eta erakusmahaietan kuxkuxeatzen ikusi ditugu egunero, eta zer esanik ez abenduaren 8ko jardunaldian, eurei eskainitako Gazte Eztanda egunean”. Azokako partaideek ere nabarmendu dute gazteek erakutsitako interesa. Gerediaga elkarteak euskararen eta euskal kulturaren transmisioan ekarpena egingo du aurrerantzean ere, eta aurtengo azokak zeregin horretan jarraitzeko asmoa azaldu du.

Hala, antolakuntza pozik dago emaitza orokorrarekin. Baita asebeteta ere, postua jartzera etorri diren partaideen balantzea positiboa izan delako. “Salmentak onak izan dira. Gainera, kulturazaleek jakinmina erakutsi dute; zenbait kasutan produktu zehatz baten bila joan dira, baina askok eskaintzaren artean arakatzeko ere aprobetxatu dute. Horrela, batez ere nobedadeak erosi arren, argitaletxeen fondoetako aleak ere eraman dituzte etxera. Esanguratsua da, bestalde, interesa sortu duten gaien aniztasuna”. Adibidez, gizarte gaiak eta emozioen lanketa jorratzen dituzten liburuen bila etorri dira gazte asko. Musikaren arloan, talde ezagunek jende piloa erakarri dute, eta hasiberriek euren lana ezagutzera emateko plaza bezala erabili dute azoka. Musikazaleak han eta hemen ibili dira. “Eraldatzen dabilen sektorea da musikarena, eta zenbait kasutan biniloek CDek baino arrakasta gehiago izan dute”.

Bestalde, Kulturazaleen partaidetza ere azpimarratu nahi izan dute antolatzaileek. “Guneetan 265 ekitaldi burutu dira, eta gehienetan bete-beteta egon dira. Sarritan ilarak sortu dira, jendea aurkezpenetarako irrikaz egon delako. Azokan parte hartuz, azokaren parte sentitu dira. Horrekin lotuta, esanguratsua da webguneko erabiltzaileen 10etik 4k egitaraua kontsultatu duela; lehen lau egunetan 60.000 bisita izan ditu atari digitalak”.

Guneek izan duten harrera

Talaiari dagokionez, aniztasuna nabarmendu dute. “Oso gai ezberdinak izan dira hizpide aurkeztu diren argitalpenetan eta hausnarketarako ideia mamitsuak ere entzun dira, aurkezpen eta mahainguruetan. Landakogunean zein Durangoko Museoan Talaiaren aterkipean egin diren ekitaldiek publiko aldetik erantzun ona izan dute. Nabarmentzekoa izan da, aldez aurretik zer aurkezpen dagoen jakinda, plana eginda gerturatu direla asko. Joera hori azken urteetan gorantza doa”.

Ahotsenean liburu aurkezpenetan, Karmele Jaioren eta Jon Maiaren aurkezpenek jende ugari izan dute, baina baita hasiberriek ere, Julen Apellarenak, esaterako. Zuzenekoei dagokienez, goraino bete da askotan, esaterako, Toc, Nakar, Txopet, Leihotikan eta Ibil Bedi taldeekin

Irudienea, bestalde, “espazio goxoa eta gertukoa izan da egun hauetan zehar. Bertan, sortzaileek bisitaria emozionatzea, barrez lehertzea, entretenitzea edota kantuan jartzea lortu dute”.  Zaleen adinari dagokionez, anitza izan da Irudieneara gerturatu den ikuslegoa, ume txikietatik hasi eta bisitari helduenenganaino. Film laburrak eta familientzako filmak izan dira arrakastatsuenak.

Kabia gizartean eta euskaran eragiteko duten ahalmenagatik, “digitalizazioaren teknologiek interes berezia piztu dute aurten. Harrera ona izan dute, adibidez, nerabeei lehen mugikorra emateko gidaren aurkezpenak eta adimen artifizialari buruzko mahainguruak. Gamer Gelatik ere herritar ugari pasa da jolastera”.

Saguganbaran hainbat ikuskizun izan dira arrakastatsuak. Iñigito Txapelpunk eta iratxoen ikuskizunak, Pello Añorga eta Jokin Mitxelenaren Pantxo zezena, Ameli ipuin kontalaria, Potx eta Lotx pailazoak… “Berezia izaten da Saguganbarak sortzen duena haur eta familiengan; ilusioa, giro ona, fantasia azken batean”.

Amaitzeko, Szenatokia gunean “oso giro polita egon da, eta hainbatetan bete egin da aretoa. Aipagarria da aurkezpen zehatzen bila joan dela jendea, guneak erreferentzia hartu duen seinale. Obrek arrakasta izan dute eta sortzaileak ere gustura geratu dira. Iazko Sormen Bekaren emaitzak, Eukalyptus lanak, arrakastarekin hasi du bere bidea Szenatokian”.

Beste behin ere, Durangoko Azoka euskal kulturaren erakusleiho izugarria izan dela nabarmendu dute antolatzaileek. “Gainera, sortzaileen eta zaleen arteko zubia eraikitzea ahalbidetu du, alde bientzako aberasgarria izanik”.

Azokaren fantasiak Euskal Herriko liburu dendetan izango du segida. Hala, Durangoko Azokaren olatu hori probestu eta kulturgintza hauspotzeko asmoz, bihartik aurrera Zu Non, Han DA! ekimena abiatuko da Euskal Herriko 88 liburu dendatan. “Azokako nobedadeak ezagutu ahalko dira bertan, eta gainera, 27 aurkezpen ere egingo dira, abenduaren 20ra arte”.

Datorren urteko Durangoko Azokari dagokionez, 59. edizioa 2024ko abenduaren 5etik 8ra izango da.

Zabaldu: