Euskararen arnasguneek duten garrantzia jendarteratzea du helburu egitasmoak.
Arnasa Gara ekimenaren baitan, Arnasetik bideosormen lehiaketa sortu dute UEMAk, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroak Gobernuak, arnasguneetako gazteen hizkuntza ohituren inguruan gogoeta sustatu nahian. Urriaren 5ean amaituko da lanak aurkezteko epea, eta urriaren 28an banatuko dira sariak, Villabonan egingo den ekitaldian. Sormena erabiliz, istorioak kontatzeko gonbidapena luzatzen zaie 10-16 urte bitarteko gazteei.
Lehiaketan parte hartuko duten gazteek lanak euren kabuz, lagunartean edo ikaskideekin batera garatu ahal izango dituzte, bakoitzaren nahiaren arabera.
Arnasetik 10-16 urteko gazteei zuzenduta dagoen arren, adinaren arabera hiru kategoria zehaztu dira, kategoria bakoitzean aurkeztu beharreko lanak ezberdinak izanik. LH 5. eta 6. mailako ikasleek LHtik DBHra berarekin dakartzan emozio, hizkuntza ohitura eta egoera berriak islatu behar izango dituzte haien sormen lanetan, formatu librean (marrazkia, bertsoa, poema, bideoa, abestia…). Izan ere, arnasgune gehientsuenak udalerri txikiak dira eta bertako ikasleek inguruetako ikastetxe handiagoetara jo behar izaten dute DBH mailako ikasketak egitera.
Bestalde, DBH 1. eta 2. mailako ikasleek youtuber formatuan bideo-tutorial bat egin beharko dute, Julen Portilloren bideo bat eredu izanik. Bukatzeko, DBH 3 eta 4. mailako ikasleek Hiru Damatxok ekoiztutako bideoan agertzen diren galderei erantzuten dion bideoa sortu beharko dute, elkarrizketa irudikatuko duen formatu batean. Julen Portilloren eta Hiru Damatxoren bideo hauek zein lehiaketaren oinarri guztiak www.arnasagara.eus webgunean daude ikusgai.
Kategoria bakoitzak 500 euroko sari baliokide bat izango du, eta publikoaren saria ere banatuko da, guztira 2.000 euro banatuz. 500 euroko sari baliokide bakoitza Irrisarri Land-en, Durangoko Azokako denda birtualean edo EITB-ko Goazen! eta Irabazi arte! telesailen merchandising-ean trukatu ahal izango da.
Sari banaketa ekitaldia
Bideosormen lehiaketa honek sari banaketa ekitaldia egingo du urriak 28an, Villabonan. Beraz, gazteek egingo dituzten sormen lanak urriaren 5a baino lehen jaso beharko dira. Bertan, sariak banatzeaz gain, sorpresa ugari izango dira.
Oinarriak, hemen.