Fernandezek 2.500 euroko zenbatekoa eskuratuko du eta antzezlana 2026ko otsailean antolatuko den VIII. Lautan Hiru jaialdian estreinatuko da. Bakarrizketa dramatiko honetan, antzerkia eta txotxongilo-teatroa uztartzen dira, gizakiaren barneko haustura erakusteko.
Euskaltzaindiak antzerki-ekoizpena sustatzeko laguntza berria sortu zuen 2020an. Sari horren helburu nagusia euskarazko antzerkia sustatzea da, batez ere, lan laburren sorkuntzari bultzada emateko xedez. Horretara, aurtengo Lautan Hiru laguntza Gehibat Kultura Elkarteak irabazi du, Zaku berekoak lan laburrari esker.
Xabier Fernandezen proiektua da Zaku berekoak, eta gidoia ere berak idatzi du. Dena den, Intujai konpainiarekin elkarlanean bideratuko dute proiektua, eta antzezlana 2026ko otsailean antolatuko den VIII. Lautan Hiru jaialdian estreinatuko da.
Tartean Teatroak, BIRA Kulturak, 7Katu Gaztetxeak eta Euskaltzaindiak osatu dute epaimahaia eta bertako kideek adierazi dutenez, “testuan ausardia erakutsi du egileak, eta txotxongiloak baliatuz indar handia har dezake lan ilun honek”.
Gizon batek bere familiarekin ospatu nahi du urtebetetzea. Baina, zer gertatzen da inork erantzuten ez dionean? Zaku berekoak oroimenaren eta eromenaren artean igerian dabilen arima baten istorioa da. Odolekoa ez duen bere familia, panpina erraldoien irudian jasoko du ikusleak, bizitza bat antzeztu nahi duen gizon baten delirio poetiko moduan. Bakarrizketa dramatiko honetan, antzerkia eta txotxongilo-teatroa uztartzen dira, gizakiaren barneko haustura erakusteko.