(argazkia: Euskaltzaindia)

Georges Lacomberen artxiboari eta bibliotekari buruzko erakusketa paratu dute Bergarako Olaso Dorrean

Euskararen historia eta Euskal Herriaren historia ezagutzeko dokumentu ezinbestekoak gordetzen ditu artxiboak. Tartean, benetako harribitxiak daude: esaterako, Xahoren Kantutegi ospetsua eta Louis Lucien Bonaparteren gutunak.

Euskaltzaindiak, Olaso Dorrea Fundazioak eta Bergarako Udalak erakusketa mamitsua aurkeztu dute Bergaran. Bertan, George Lacombe hizkuntzalari eta euskaltzain osoaren agiritegi eta blibliotekari buruzko jakingarriak ematen dira, hamar paneletan banaturik; horrez gain, bi beira-arasa jarri dira, dokumentu eta liburu jakin batzuk erakusteko. Erakusketa abenduaren 1era arte izango da ikusgai, Bergarako Alde Zaharrean dagoen Olaso Dorrean.

Georges Lacombe euskarari lotutako dokumentu oro biltzen saiatu zen bizitza osoan; horretarako, bere ondasunak erabili zituen oparo. Bereziki, hainbat artxibo-funts erosi zituen, biltzaileak hil ostean. Ondorioz, “esan daiteke XIX. mendeko euskalaritzari buruzko funts nagusietakoa bildu zuela, agian nagusia, guztiz ezinbestekoa euskal kulturaren historia ezagutzeko”, azaldu du Euskaltzaindiak.

Agiritegiaren garrantziaz jabetzeko, hona hemen biltzen duen dokumentazioaren lagin bat, Euskaltzaindiaren webgunean ere kontsulta daitekeena: Joanes Artxu (1811-1881) eta Thomas Doucarrou; Louis Lucien Bonaparte printzea (1813-1891); Pierre Broussain (1859-1920); Jean-Baptiste Darricarrere (1844-1928); Edward Spencer Dodgson (1857-1922); Wilhem Jan van Eys (1825-1914); Hugo Schuchardt (1842-1927); Georges Lacomberen lanak (1879-1947); Jean-Dominique-Jules Salaberri (Ibarlakoa) (1839-1903); Joseph-Augustin Xaho (1811-1858); Urtubia etxeko artxiboa (1474-1829); Julien Vinson (1843-1926); Silvain Pouvrearen lanen kopiak (ca. 1614–ca. 1670); bertsoak, kantak, askotariko paperak.

Erakusketak Georges Lacombe, Telesforo Monzon eta Maria Josefa Ganuzaren biografia laburrak erakusten ditu, agiritegiak eginiko bidaia bitxiarekin batera. Ondoren, funtsaren atalak azaltzen dira, artxiboak gordetzen dituen dokumentu deigarrienekin batera, hau da, Xahoren Kantutegi ospetsua eta Louis Lucien Bonaparteren gutunak. Bi arasa ere jarri dira, bisitariek dokumentu eta liburu batzuk bertatik bertara ikus ditzaten.

Azkenik, bi hitzaldi antolatu dira, Lacomberen funtsaren garrantzia azaltzeko baliagarri izango direnak. Lehenengoa azaroaren 23an izango da, 19:00etan: Jabier Kaltzakorta ikertzaile eta euskaltzain osoak Georges Lacomberen artxibo eta bibliotekaren nondik norakoak agertuko ditu. Bigarren berbaldia azaroaren 29an izango da (19:00etan) baita, eta bertan Pako Sudupe hizkuntzalari eta idazleak Telesforo Monzonen kulturgintza izango du mintzagai. Hitzaldi biak Olaso Dorrean izango dira.


Prentsaurrekoan pozik agertu dira antolatzaileak. Gorka Artola Bergarako alkateak adierazi du urte luzeetan ez dela posible izan “Telesforo Monzonek eta Maria Josefa Ganuzak erositako bilduma aberats hau jendartera zabaltzea”.

Andres Urrutia euskaltzainburuak, bere aldetik, erakundeen arteko elkarlana azpimarratu nahi izan du: “Esfortzu handia egin dute bai Olaso Dorrea Fundazioak bai Udalak, eta erakusketaren emaitza ikusita, eskertzekoa da benetan. Lacombe euskal kulturaren bilatzaile nekaezina izan zen, eta Euskaltzaindiak harek jasotakoa euskal gizartearen esku jarri nahi izan du, Euskararen Akademiaren helburuetako bat horixe baita: euskal kulturaren transmisioa”.

Azkenik, Maite Aristegi Olaso Dorrea Fundazioko kideak azaldu du nola eskuratu zuten Telesforo Monzon eta Maria Josefa Ganuza senar-emazteek Lacomberen agiritegia: “Erakusketaren tituluak dioen moduan, Telesforok eta Maria Josefak kilo bat urreren truke erosi zioten hizkuntzalariaren agiritegiaren idazki eta liburu artxibo mardularen zati esanguratsua Lacomberen alargunari. Euskara eta euskal kultura pairatzen ari zen sasoi ilun horretan, mirestekoa da Monzondarrek eginiko esfortzua ondare nazional hau Euskal Herrian gera zedin. Pentsa dezagun, esandakoa egin ez balute, gaur egun ondare hori guztia munduan zehar barreiatuta egongo zatekeela, auskalo noren eskuetan. Monzondarrek ondare izugarri hau euskaldunon eskuetara itzul zedin eginiko lanagatik zoriondu besterik ezin dugu egin. Gainera, eta Telesfororen nahiari jarraikiz, guztia euskal herritarren esku utzi da: liburuak Euskaltzaindiaren Azkue liburutegian daude eta artxiboa Olaso dorrean eta Euskaltzaindiaren webgunean ere bai. Ziur gaude erakusketa honek ondare honen ezagutza zabaltzen lagunduko duela”.

Zabaldu: