Miren Agur Meabe idazlea (argazkia: Kultur Sharea)

MusEkintza Bizkaiko museoetako arte eszenikoen jaialdia hil honetan amaituko da bi emanaldirekin

Miren Agur Meabe, Sonia Rueda eta Inun Euskal Herria museora iritsiko dira azaroaren 18an, Fabula antifabulak ikuskizuna eskaintzeko, eta, amaitzeko, azaroaren 25ean, Mikel Santiagok misteriozko joko bat egingo du, Arkeologi Museoarentzat pertsonalizatua; Whodunnit? ¿Quién lo hizo? du izena.

MusEkintza Bizkaiko museoetako arte eszenikoen jaialdia amaierara iritsiko da hil honetan eskainiko dituen bi emanaldirekin.

Larunbatean, azaroak 18, Miren Agur Meabek, Sonia Ruedak eta Inunek Fabula antifabulak izeneko ikuskizuna taularatuko dute Euskal Herria Museoan. Halaber, Arkeologi Museoan Whodunnit? ¿Quién lo hizo? ikuskizuna ikusteko aukera egongo da  azaroaren 25ean, Mikel Santiago idazlearen eskutik.

Lehen ikuskizunari dagokionez, Miren Agur Meabe idazleak ikuskizunera bertaratzen direnak unibertso magiko eta oroitarazle batean barrena gidatuko ditu, fabularen bitartez eta Inun musika taldeaz lagunduta. Gainera, Sonia Ruedaren ilustrazioek ikuskizuna osatuko dute, eta bizia hartuko dute Tracken studioren animazioari esker. Antolatzaileen esanetan, “bidaia ozena eta bisuala izango da, ñabarduraz betea”.

Ikuskizuna 13:00etan hasiko da, euskaraz soilik, eta parte hartzeko ezinbestekoa izango da aldez aurretik erreserba egitea 946 255 451 telefono-zenbakira deituta.

Whodunnit? ¿Quién lo hizo? 

Arkeologi Museoa izango da Whodunnit? ¿Quién lo hizo? jokoaren agertokia. Azaroaren 25ean, 18:30ean eta 20:00etan, Mikel Santiago idazleak antolatuta, Bilboko museoan misteriozko joko bat egingo da, eta publikoak asmatu beharko du zein izan den hiltzailea. Hiru aktorek bizia emango diete hilketan protagonistak diren susmagarriei. Santiagok bakarrik daki zein den hiltzailea, berak idatzi baitu hilketaren istorioa, eta, jokoaren antolatzailea den aldetik, bera ere izango da bertan.

Hiltzailea bilatzeko prozesuan, parte hartzen dutenek museoko zenbait espazio bisitatuko dituzte, ohiko bisitarientzat ikusgai egoten ez diren espazioak, alegia.

Ikuskizuna gaztelaniaz izango da, eta parte hartzeko ezinbestekoa izango da aldez aurretik erreserba egitea 944 040 990 telefono-zenbakira deituta.

Zabaldu: