Lisabö, Sua, Los Hermanos Cubero, Urgatz, Arima, Joseba B. Lenoir eta Wormed taldeek osatzen dute, besteak beste, aurtengo egitarau oparoa. Jaialdia martxoaren 7tik 14ra izango da.
Aurretik Gernikako Lekuek festibalean joko dituzten talde batzuen izenak aurreratu badituzte ere, orain itxi dute antolatzaileek Gernikan urtero ospatzen den musika jaialdiaren kartela. Lisabö, Sua, Los Hermanos Cubero, Urgatz, Arima, Joseba B. Lenoir eta Wormed taldeek osatzen dute, besteak beste, egitarau oparoa. “Martxoaren 7tik 14ra, Gernikako hainbat espazio eta plaza hankaz gora jarriko dituzten taldeen izenak dira hauek, mimo guztiarekin aukeratu ditugunak”, nabarmendu dute.
Izan ere, “ilusiotik egindako lana, musika, elkarlana, autogestioa, kultur eredu alternatiboa, hilabeteetako bilerak, urduritasuna, auzolana, dantzarako gogoa, lagunak, sormena, espazioa, denbora, gogoa eta maitasuna…”, horixe eta askoz gehiago da antolatzaileentzat Gernikako Lekuek festibala.
Jaialdiaren filosofia herriko elkargune ezberdinetan sormen handiko adierazpen eta interes artistikoei lekua egitea da, “lantalde boluntario eta boluntarioki babes ekonomikorik gabea garenon eskutik”, azpimarratu dute. Gernikako hainbat lekutan izango dira emanaldiak, besteak beste, Astran, Iparragirre aretoan, Trinkete antitxokoan eta hainbat tabernatan.
Kartel osoaren berri emateaz gain, antolakuntzak kontzertuetara joateko bonuak eta banakako sarrerak ere salgai jarri ditu dagoeneko: webgunean eta Ospa eta Aterpe tabernetan eskura daitezke, 25 euroan.