‘La trinchera infinita’ eta ‘Vitoria, 3 de marzo’ Gasteizko Euskal Zinemaren Astean

Jaialdiaren 36. edizioak sei film luze eta beste hainbeste labur eskainiko ditu otsailaren 24tik 29ra bitartean.

Euskal Zinemaren Astea otsailaren 24tik 29ra bitartean egingo dute Gasteizen. 36. edizio honek euskal zinemagintzako profesionalek egin edo ekoitzitako lan onenak bilduko ditu beste behin ere egitarau oparo batean. Hala, La trinchera infinita, Ventajas de viajar en tren, Vitoria, 3 de marzo edota La pequeña Suiza filmak ikusteko aukera egongo da.

Zinemaren Asteak euskal profesionalek aurreko urtean egindako film onenen aktore, zuzendari eta ekoizleak biltzen ditu urtero, astelehenetik larunbatera, 19:30etik aurrera. Horretaz gain, publikoak aukera izango du Vital Fundazioa Kulturunean eskainiko den film labur bat eta, ondoren, film luze bat ikusteko eta solasaldian parte hartzeko.

Ikusleek bestalde, saio bakoitzean parte hartu ahal izango dute epaimahai gisa. Hala, emanaldi biak amaitu ondoren, publikoak bere botoa eman ahal izango du aretoan bertan. Emaitzak otsailaren 29an, larunbata, emango dira ezagutzera, sari horiek banatuko diren amaiera ekitaldia. Era berean, Gutako bat saria emango zaio Arabako zinemagintzako profesional garrantzitsu bati.

Antolatzaileen arabera, jaialdia erreferente bat bihurtu da, “topagune bat da urtero, non industria zinematografikoak eta publikoak elkarrekin denbora partekatzen duten gure herrian egindako zinema onenarekin”. Zinema arloko izen handiak eta promesa gazteak uztartuz, ehunka film emanaldi egin dira, eta asko izan dira beren istorioak hurbiletik erakustera etorri diren zuzendaritza  eta produkzio arloko interpreteak eta profesionalak.

“Euskal zinemarekin, eta, bereziki, Arabakoarekin, eta gure profesionalekin dugu konpromisoa, haien lanak hurbiletik erakustera datozen zinema-arloko izen handiak eta talentu berriak uztartzen dituen jaialdi honen bidez. Ehunka film, zuzendari, aktore eta ekoizle bildu dira jaialdi honen inguruan, eta ikusleen eta zinema egiten dutenen arteko trukerako gune izaten jarraitu dezala nahi dugu, profesional horiek erakusten dizkiguten istorioen zergatia eztabaidatzeko”, azpimarratu du Vital Fundazioko zuzendari Arantxa Ibañez de Opacuak.

David P. Sañudoren Un coche cualquiera film laburrak emango dio hasiera jaialdiari. Ondoren, Victor Cabacok zuzendutako Vitoria, 3 de marzo film luzearen txanda izango da.

Asteartean, Iñaki Rikarte eta Aitor de Kintanaren Pizza film laburra ikusteko aukera egongo da. Egun horretako film luzea berriz, Aritz Morenoren Ventajas de viaje en tren izango da.

Hilaren 26an Amargo era el postre iritsiko da pantailetara, Euskal Herriko Zinema Eskolaren sortzaile Diego H. Kataryniuk zuzendari duen film laburra. Emanaldi horren ostean, Fernando Bernuesek zuzendutako Soinujolearen semea proiektatuko dute.

Ostegunean Kepa Sojo zuzendari eta gidoilari arabarrak hartuko du protagonismoa. Lehenik, Khuruf film laburra eskainiko dute. Ostean, La pequeña Suiza ikusi ahal izango du publikoak.

Ostiralean, Aitor Arregi eta Jose Mari Goenagaren Mateoren ama lanaren txanda izango da. Ondoren, La trinchera infinita ikusteko aukera egongo da.

Euskal Zinemaren Astearen edizio hau otsailaren 29an, larunbata, amaituko da, Garbage (zaborra) film laburra eta Begirada pelikularekin.

Emanaldi guztietarako sarrerak hemen eskura daitezke. Egun bakoitzeko saiorako sarrerak emanaldia hasi baino ordubete lehenago ere egongo dira salgai txarteldegian.

Egitarau osoa hemen.

Zabaldu: