(argazkia: Euskaltzaindia)

‘Gipuzkoa Antzinaroan: hizkuntzak eta eremu linguistikoak onomastikaren argitan’ ikerlana argitara

Gaur egun bizirik dagoen ustekizuna ezbaian jartzeko argudioak mahairatzen ditu liburuak. Ustekizun horren arabera, euskara Antzinaroaren amaieran heldu zen Araba, Bizkai eta Gipuzkoara, nondik eta Nafarroatik.

Euskaltzaindiak Gipuzkoa Antzinaroan: hizkuntzak eta eremu linguistikoak onomastikaren argitan ikerlana aurkeztu du gaur Donostiako San Telmo Museoan. Argitalpen berria Izenak bilduman editatu du Akademiak eta Gipuzkoako Aldundiaren babesarekin plazaratu du. Liburua Euskal Herriko liburu-dendetan dago salgai, eta Euskaltzaindiaren webgunean ere eskura daiteke.

Lan bitxi honek bederatzi atal nagusi ditu, baita Roberto Gonzalez de Viñaspre eta Patxi Salaberri euskaltzain osoen atariko hitzak ere, eta, finean, gaur egun bizirik dagoen ustekizuna ezbaian jartzeko argudioak proposatzen ditu. “Ustekizun edo teoria hori aski ezaguna da, eta badio euskara Antzinaroaren amaieran heldu zela Araba, Bizkai eta Gipuzkoara, nondik eta Nafarroatik. Liburu honek bestelakoa dio, toponimian errotutako arrazoiak erakutsiz”.

Andres Urrutia euskaltzainburuak ikerlan honen garrantzia azpimarratu du, “behar-beharrezkoa da euskararen nondik norakoak ezagutzea eta ezagutaraztea, badirelako uste ustel edo erdipurdikoak, oinarri sendorik ez daukatenak, oraindik ere bizirik dirautenak. Eta horien parean honelako lan arduratsu eta zorrotzak jarri behar ditugu. Euskal kultura eta euskara ditugu jokoan!”.

Teoria ahulak

Liburu honetan erromatar garaiko epigrafiatik zein geografo eta historialarien liburuetatik atera daitekeen informazioa modu bateratuan aztertu da, eta hura Erdi Aroko nahiz Aro Modernoko euskal onomastikarekin erkatu, Gipuzkoako Antzinaroko hizkuntza-egoeraren ezagutzan argi egiten laguntzeko asmoarekin betiere.

Horrela, Gipuzkoara euskara Nafarroatik heldu zela diotenen aurrean, Luis Mari Zaldua euskaltzain urgazle eta liburuaren egileak bestelako arrazoiak ematen ditu, nahiz eta onartzen duen ustekizun hori nahikoa hedatuta dagoela, “teoria hori sostengatzen duten arrazoiak zalantzazkoak dira, baina teoriak berak bizirik dirau”, esan du ikertzaileak gaurko agerpenean. “Inskripzio gutxi batzuk eta lauzpabost toponimo dira erromatarren garaian Gipuzkoan bizi zirenak euskaldunak zirela zalantzan jartzeko argudio nagusiak”, gaineratu du egileak, adieraziz gaurko datuen argitan, jatorri indoeuroparreko mintzairen ekarpenak “gaineko geruza” ematen duela, “ez azpikoa, hau da, itxura batean badirudi euskaldunok hemen bizi ginela Antzinaroan”.

Zabaldu: