Gasteizko hainbat kultura eragilek Udalaren zentsura saioa salatu dute

#DenokGaraGargamel kanpaina abiatuko dute sare sozialetan, martxoaren 9rako.

Gasteizko Udalak Cosmic Tentacles estudioaren aurka salaketa bat jarri zuen Arabako Fiskaltzan, All pitufos are bastards dioen kartel bategatik. Diseinu estudioak otsailaren 14an zabaldu zuen kartela sare sozialen bidez. Gaur, hainbat kultura eragilek salaketa horren kontrako agerraldia egin dute Gasteizen, tartean, Jimmy Jazz, Baratza Aretoa, Mazoka, Red Fanzine eta Ilustrapados-eko kideek. Poliziaren jarduera bat salatzeagatik Cosmic Tentaclesen aurka egindako salaketa eraso bat dela diote, “beste bat gehiago, adierazpen eta arte askatasunerako eskubidea erabiltzeko borrokan ari diren ahots guztien aurka”.

Mikel Gonzalez kartelaren egileak azaldu duenez, “denbora gehiegi daramagu defentsa-borroka bat egiten, azaldu behar ez duguna justifikatzen eta prozesu judizialetan lokazten”. Hori dela eta, beharrezkoa iruditzen zaio “mugimendu horien osagarri gisa, geure terminoetan eraso bat egitea, elkartasuna, mobilizazioa eta sormen esparru horretan borroka egitea, horrek beldurra ematen die batzuei. Izan ere, askatasunik gabeko arteak beti aurkitzen ditu adierazteko bideak, baina aske izan behar duen gizarteak ezin ditu bere artistak jazarriak, ahoa estalita edota espetxeratuak izan”, azaldu du.

“Nork ez ditu gogoan Potxokien marrazki bizidunak? Gasteizko Udaltzaingoari “lagunarteko” izena eman zion telesailak Gasteizko artista eta kultura kudeatzaile honen absoluzioa eskatzeko balio du orain”, adierazi dute. Hala, martxoaren 9rako #DenokGaraGargamel kanpaina abiatuko dute, “hiriko kultura eragileen artean lantalde bat sortzeko, adierazpen askatasunaren aurkako eraso horri erantzun bat emateko”. Sare sozialen bidez abiatuko dute kanpaina umoretik eta sormenetik.

Zabaldu: