Hirugarren edizio honetan inoiz baino parte hartze handiagoa izango da. Datorren astean hasita 100 saiotik gora izango dira herrialde osoan.
Gipuzkoako Herriarteko Bertsolari Txapelketa aurkeztu zuten larunbatean, Villabonako Subijana etxean, Euskal Herriko Bertsozale Elkartearen egoitzan. Aurtengoa hirugarren taldekako txapelketa izango da. Aurreko biak 1999an eta 2017an izan ziren.
Bertsozale Elkarteak azaldu duenez, “taldekako txapelketak, banakoekin alderatuta, emaitza desberdinak dakartza. Banakako txapelketak norbanakoen arteko lehian oinarritzen dira. Bertsogintza modu kualitatiboan hazteko baliagarriak dira, noski, bertsolari bakoitza duen onena ematen saiatzen baita”. Taldekakoan, berriz, helburuak bestelakoak dira: “eskualde mailan, bertso eskolen arteko saretzea eragingo duen txapelketa izango da. Gaur egun plazetan kantatzeko aukera gutxi duten bertsolarientzat txapelketa erakargarria izango da, eta beraien profila ahalik eta anitzena izango da. Genero ikuspegitik emakume eta genero disidenteen parte hartzea sustatu da. Taldekako txapelketen ezaugarria izaten da beti belaunaldi artekotasuna eta aurtengo parte hartzaileei arreta jarrita nabarmena da hori”.
Bertso komunitate osoa elkartuko du txapelketak; bertsolariak, epaileak, gai-jartzaileak, antolatzaileak, bertsozaleak… bat eginda ariko dira saioen antolakuntzan eta oraindik bertsoa iritsi ez den espazioetara iristen saiatuko da herriartekoa.
Taldekatze eredua
Taldekako txapelketa honen taldekatze ereduari dagokionez, talde bakoitzak bost partaide izango ditu, gutxienez. Hiru bertsolari: saioetan hiru edo lau bertsolarik abestuko dute, baina taldean kide gehiago ere izan daitezke. Gai jartzaile eta epaile bana ere izan beharko dute taldeek. Eta ordezkari bat ere badute bilketa, komunikazio edo antolaketa lanak egiteko.
Aurtengo edizioan 57 taldek hartuko dute parte, “guztira 350 pertsona arituko dira aurrez aipatu diren eginkizunak egiten”, adierazi du elkarteak. Aurreko bi edizioetan, 24 eta 38 taldek eman zuten izena hurrenez-hurren, eta kopuru aldetik goranzko jauzia nabarmena izan dela dio Bertsozalek.
Faseei dagokionez, lau fasetan banatuko da Herriarteko Txapelketa: lehen fasea, bigarren fasea, finalaurrekoak eta finala.
Bertsozalerentzat lehen fasea izango da akaso bereziena egitura aldetik. Gipuzkoako zortzi azpieskualde banatu dira faseak jokatzeko: Buruntzaldea, Urola, Urola-kosta, Debabarrena, Debagoiena, Tolosaldea, Goierri, Donostia eta Oarso-Bidasoa.
Fase honetan, eskualdeka zein motako fasea antolatuko den erabaki dute eskualde mailako antolatzaile eta taldeetako ordezkariek. Eskualde bakoitza izango da beraz fasearen sortzaile eta arduraduna. Eskualdeka talde antolatzaileak sortu dira eta elkarren arteko lankidetzan sortu eta antolatuko dira faseak. Fase hau urtarrilaren 18tik martxoaren 28ra bitartean jokatuko da.
Bi hilabete eta erdian 100 saio inguru antolatuko dira Gipuzkoak geografia guztian zehar. Saio hauek antolatzeko talde parte hartzaileek elkarlana egin beharko dute herrietako beste eragileekin, hala nola, elkarteekin, komertzio nahiz tabernekin, kultur etxeekin, udalekin… “herri eta eskualde bakoitzak bere errealitateari erantzungo dio eta bakoitzak bere ezaugarri eta errealitate soziolinguistikoari erantzunez antolatu ahal izango du fasea. Fase honetatik zortzi talde garaile aterako dira, eskualde bakoitzetik bana. Fase honetan ia 40 bertsolari arituko dira lehen aldiz oholtzan, eta hori bezain berri ona dena, beste horrenbeste lagun arituko dela antolatzen eskualde mailan ekimena”.
Lehen fasearen ostean, bigarren fasea jokatuko da, lau saiorekin. Lehen fasean “irabaziko” duten zortzi talderen artean jokatuko dira saio hauek, eta eskualde bakoitzak izango du talde ordezkaria.
Zortzi talde hauetatik lau sailkatuko dira final-aurreko saioetara. Bi saio jokatuko dira fase honetan, areto handiagoetan.
Azkenik, finala maiatzaren 30ean jokatuko da Aiako probalekuan, “finalaren egunak lehen fasearen esentzia mantendu nahi du eta bertso-bazkari erraldoi formatuan planteatuko da. Finala baino gehiago, bertsolaritzaren festa izan nahi du egun honek, elkargunea”.
Azken faseetarako txartel guztiak www.bertsosarrerak.eus atarian izango dira salgai martxoan.