‘Gipuzkoako Herrien Izenak: Lekukotasunak eta Etimologia’ azterlana liburuan eta PDF formatuan aurkeztu dute

Proiektuaren atzean, Euskal Herriko toponimia nagusi osoa aztertzeko asmoa dago.

Euskaltzaindiak argitara eman berri duen ikerketa-lana Donostian aurkeztu dute gaur, Patxi Salaberrik eta Luis Mari Zalduak, Hizkuntza Berdintasuneko foru diputatu Garbiñe Mendizabalekin eta Andres Urrutia euskaltzainburuarekin batera.

Izenburuak dioen gisan, Gipuzkoako Herrien Izenak. Lekukotasunak eta etimologia liburuak Gipuzkoako herrien izenak jasotzen ditu, baita auzo askorenak eta bestelako populazio gune batzuenak ere. Zehazki, 182 entitate, izan auzo, elizate, udalerri… bildu dira, orotara 4.500 testigantzaz jantzita (horietarik 700 ahozkoak). Izen bakoitzak historian erakutsi dituen formak eta “duen edo dukeen azalpen etimologikoak” dakartza.

Egileek “metodologia serio bat oinarrian hartuta eta zuhurtziaz” jokatzen saiatu direla azaldu dute, eta izen berezien (toponimo, antroponimo, oikonimo eta beste) hastapeneko adiera emateko, hainbat elementu hartu dituzte kontuan, hala nola agiriek denboran izandako aldaerak, euskal fonetika historikoa, lekuaren nolakoak eta gaurdainoko esperientziak.

Herri, elizate eta auzoen izenekin batera, hiriburuarena eta lurralde historikoarena ere aztertu dituzte. Horrez gain, herri bakoitzaren izenaren amaieran, gentilizioa edo herritarrei nola deitzen zaien ageri da (Tolosa > tolosar).

Proiektuaren atzean, Euskal Herriko toponimia nagusi osoa aztertzeko asmoa dago, Salaberrik azaldu duenez, “2004an Nafarroa Beherekoa argitaraturik, eta 2015ean Arabakoa, iruditu zitzaidan bazegoela Gipuzkoakoa ere egiteko modua”.

Zabaldu: