Ekainean egingo da egun osoko festa-finala.
Oinak buruan eta ideiak dilindan lelopean, dator 32. Eskolartekoa. Bertsozale Elkartearen arabera, “lurraldez lurralde, bertsoa txoko txiki eta handietara iritsiko da gazteen eztarrietatik belarrietara”.
Oraingoan ere, 14-18 urteko gazteei zuzenduta dago txapelketa eta idatzizko zein bat-bateko txapelketak egingo direla iragarri du Bertsozalek bere webgunean, “azken urteetako ereduari jarraituta, lurralde guztietan modu bateratuan egingo da”.
Otsailaren 28an emango diote hasiera Eskolartekoari, Gipuzkoan. Hiru kanporaketa egin eta gero, Lasturren amaituko da apirilaren 3an. Nafarroan berriz, apirilaren 24an izango da Eskolartekoa.
Maiatzera arte itxaron beharko dute gainerakoek. Izan ere, maiatzaren 24a izango da Lapurdiko, Nafarroa Beherako eta Zuberoako gazteen txanda; “Itsasu bihurtuko da lurraldeotako bertsozale gazteen topaleku”. Aurretik ere izango da sailkapen saiorik. Bizkaian ere maiatzean izango da Eskolartekoa. Lau saioren ostean, hilaren 30ean izango da finala. Araban egun bi hartu ohi dira, adin ezberdinetako gazteentzat: 14-18 urte bitartekoek maiatzaren 23an egingo dute Eskolarteko jaia, Legution, Bertsoa Bizi Gazte Egunaren baitan; gazteagoek ekainaren 6an ospatuko dute, Zigoitian.
Eskolartekoak hilabeteetako ibilbidea egin eta gero, Euskal Herriko Eskolartekoaren jaia egingo da, ekainaren 13an. Bertan parte hartuko dute aurretik lurraldez lurraldeko eskolartekoetan kantatu duten parte-hartzaileek; kasu gehienetan, probintziako bina ordezkarik.
Bertsozale Elkarteak eta Ikastolen Elkarteak antolatzen dute elkarlanean Eskolartekoa eta gazteei bertsotan aritzeko tokia eskaintzea du helburu: “alde batetik, etorkizuneko bertsolari eta bertsozaleak trebatzeko plaza sortzea eta, bestetik, gazteen arteko harreman sarea osatzea”.