(argazkia: Donostia Kultura)

Glad is the Day jaialdiaren 7. edizioa aurkeztu dute

Abuztuaren 27an, hileko azken igandean, Gladys Enea parkea musikaz beteko da berriro ere.

Glad is the Day jaialdia itzuliko dela iragarri du gaur Donostia Kulturak. Egia Kultur Etxeak, Dabadabak eta Le Bukowskyk koordinatzen duten ekimen hau 2016ko Europako Kultur Hiriburutzaren testuinguruan sortu zen, eta denbora gutxian erreferentziazko ekitaldi bihurtu da Donostiako udan.

Zazpigarren edizioa abuztuaren 27rako antolatu dute, eta, besteak beste, 16 talde eta artista igoko dira oholtzara. Kontzertuak, DJen saioak, piknik-ak, azoka bat eta haurrentzako jarduerak izango dira 11:30ean hasi eta 20:30ean amaituko den musika jardunaldiaren egitarauan.

Etenik gabeko bederatzi orduko programazioa izango dela zehaztu dute antolatzaileek, “azokan zein musikan, tokiko izaera eta talentua proposamen harrigarri eta nortasunez betetakoekin konbinatzen dituena. Rap, reggae, pop, punk eta rock estiloak, besteak beste, izango dira beti bezain dibertigarria eta anitza izango den Agertoki Nagusian: La Ola Maldita donostiarren surf rocka, Kulto Kultibo irundarren rap/reggaea, Nakarren postpunk elektronikoa, Las Ligas Menores argentinarren pop indiea, Tito Ramirezen doinu beroak eta Señor Noren punk rocka. Bazkalorduan, Josu Bukowski eta Dj Otaloraren musika aukeraketak girotuko du piknika”.

Bestalde, hip-hopari eta soinu urbanoei lotutako zortzi emanaldik dantzan jarriko dute Hondamen Sonikoa gunea: Suso (Dj), Euskoprincess (Live), Alai (Live), Yxeb3000 (Dj), Kievra (Live), Mutiko, Denso & Tatta (Live), Gazzi (Dj) eta Yugen Kala (Djak) izango dira. Gaua iristean eta asteburua luzatu nahi dutenentzat, Le Bukowski eta Dabadaban DJ gehiagorekin ondo pasatzeko aukera egongo da .

Azoka Dabadabak antolatuko du. Bertan, vintage dendak edo tokiko talentuen sorkuntzak, besteak beste, Kutxa Kultur Modako Neela, Akukuna eta Oksanarenak Haizea Arranz Nerea, Lurgain eta Nahia Salaberria izango dira.

Berrikuntza nagusi gisa, edizio honetan jaialdiaren aurretik bi musika hitzordu izango dira.

Lehenengoa abuztuaren 6an izango da. Donostia Kulturak eta Dabadabak Gladis hautaketa kontzertu bikoitza antolatu dute Peces Raros argentinarrekin eta Kiwi Junior kanadarrekin. Bestalde, jaialdiaren bezperan aperitif txiki bat eskainiko da berriro. Hala, abuztuaren 26ko 19:00etan, Muare bikotea eta Ines Dj-a arituko dira Nestor Basterretxea plazan.

Zabaldu: