Mikel Moreno musikariak udazkenean kaleratuko duen diskoaren aurrerapen kanta aurkeztu du: ‘Itsaslabarrean’

1990eko hamarkadako musika izan du inspirazio iturri Morenok, abesti berria pop eta rockaren artean kokatuz. Kanta honen bidez, bere kezkak eta bere erreferentzia musikal eta artistikoak erakutsi nahi izan ditu.

Kauta taldean hainbat urtez ibili ondoren, bakarkako ibilbideari ekin dio Mikel Moreno abeslari eta musikari andoaindarrak. Udazkenean plazaratuko du lehen diskoa eta gaur, Itsaslabarrean izeneko aurrerapen kanta aurkeztu du.

“Abestia metaforikoki, bizitzan zehar topatzen ditugun erronka, oztopo eta zailtasunei zuzentzen zaie, eta haiei aurre egiteko aukeraz hitz egiten du”, azaldu du musikariak. “Itsaslabar horretan jauzi eginez, edo, bestela, ez ikusiarena eginez, ingurubira bat eginez”, gaineratu du andoaindarrak.

Musika estiloari dagokionez, 1990eko hamarkadako musika izan du inspirazio iturri Morenok, abestia pop eta rockaren artean kokatuz.

Musikariak udazkenean kaleratuko du bere bakarkako lehen diskoa, eta abesti honen bidez, bere kezkak, eta bere erreferentzia musikal eta artistikoak erakutsi nahi izan ditu, etorriko diren kanten aurrerapen gisa.

Mikel Morenok berak idatzi eta konposatu ditu kantaren letra eta doinua. Grabazioari dagokionez, Gaztain Estudioan egin du Eñaut Gaztañagaren laguntzarekin. Zeregin horretan lagun izan ditu Euskal Herriko nahiz kanpoko musikari entzutetsuak, hala nola, Karlos Aranzegi, Imanol Goikoetxea, Txus Aranburu eta Adrian Elustondo.

Zabaldu: