70eko eta 80ko hamarkadetan argitaratutako aldizkari horien kopia digitalak Akademiaren webgunean jarri dira, mota orotako ikertzaile eta euskaltzaleen eskura.
Euskaltzaindiak 70eko eta 80ko hamarkadetan argitaratutako hiru aldizkari pedagogikoren kopia digitalak eskegi ditu bere webgunean, hain zuzen, Gordailu, Isilik! eta Urrats aldizkarienak. Euskararen Akademiaren arabera, aldizkari hauen edukiak zabaltzea interesgarria izan daiteke, eta, horregatik, mota orotako ikertzaile eta euskaltzaleen eskura utzi nahi izan ditu, kontsulta arin eta erraza bideratuz. Bide batez, hamarkada zail haietan euskara eta euskal kulturaren alde ibili ziren irakasleen eta euskaltzaleen lana ere ohoratu nahi izan du Euskaltzaindiak.
Aldizkari pedagogikoak
Gordailu hainbat irakaslek osatutako kolektibo bat izan zen, euskararekin eta berrikuntza pedagogikoarekin oso konprometituak zeudela. Besteak beste, 1970. 1973. urteen artean aldizkari bat argitaratu zuten (Gordailu), osorik euskaraz, gai pedagogikoak landuz ikuspuntu moderno eta aurrerakoi batetik.
Isilik! bere aldetik, Gipuzkoako Ikastoletako Irakasle Elkarteak argitaratu zuen. 1982an publikatu zen lehen zenbakia, eta 1994an azkena. Guztira 19 zenbaki argitaratu ziren, eta data horretatik aurrera Hik Hasi aldizkariak ordezkatu zuen, gaur egun horrela segitzen duela.
Amaitzeko, Urrats aldizkaria Donostiako Santo Tomas Lizeoak argitaratu zuen. Bizitza laburra izan zuen, bi zenbaki soilik atera baitziren (1978an eta 1979an).
Aldizkariak ikusteko, hemen.