Gorka Hermosa izeneko lehiaketa sortu dute Txinan

Urretxuko akordeoilariaren obrak joko dituzte eta nazioarteko epaimahai batek interpretazio onena aukeratuko du. Hermosa bera izango da epaimahaiburua.

Gorka Hermosa (Urretxu, 1976) musikariaren omenezko nazioarteko lehiaketa sortu du Confédération Mondiale de l´Accordéon elkarteak Txinako Tianjin hiriko kontserbatorioan: ‘Gorka Hermosa International Composition Contest’. Tianjinek 15 milioi biztanle ditu eta Txinako bosgarren hiri jendetsuena da.

Urretxuko musikariaren obrak joko dituzte eta nazioarteko epaimahai batek interpretazio onena aukeratuko du. Hermosa bera izango da epaimahaiburua. Akordeoilariak obra bat konposatuko du irabazlearentzat eta berak bakarrik jo ahal izango du urtebetez.

Hermosaren obra oso ezaguna da mundu osoko akordeoilarien artean; bost kontinenteetako soinujoleek eta 40 orkestrak baino gehiagok interpretatu dituzte bere konposizioak urteen joan-etorrian. Sari ugari ere jasotakoa da. Duela hiru urte ireki zituen ateak Sizilian Accademia di Música Hermosa izenekoak, 2019an New Yorkeko Accordion Stars aldizkariaren makroinkesta batean, 126 herrialdetako 27.000 pertsonak hartu zuten parte eta munduko 10 akordeoi jotzailerik maiteenetako bat aukeratu zuten. CIA-IMC UNESCO Konposizio Saria jaso zuen 2013an, eta hurrengo sei urteetan lau aldiz lortu zuen Soinujoleen Munduko Elkarteak ematen duen urteko konposizio onenaren saria. Interprete bezala Txinaz gain, Iranen, Errusian, Amerikan eta Europako herrialde gehienetan kontzertuak eman ditu Hermosak.

3 CD propio argitaratu ditu, bere konposizioekin batez ere, eta 20 kolaborazio diskografiko baino gehiago egin ditu. Akordeoiari buruzko lau liburu idatzi ditu eta Mazedonia, Italia eta Estatu espainiarrean akordeoiaren historiari buruzko hitzaldiak eman ditu. Gaur egun Santanderreko Jesus de Monasterio Musika Kontserbatorioko akordeoi irakaslea da.

Hermosak hiru aldiz bisitatu du Txina, horietako bitan Pekingo Kontserbatorioan kontzertua eta masterclass-ak emanez.

Zabaldu: