(argazkia: Ibai Arrieta)

Gorka Urbizuk ‘Hasiera bat’ bakarkako lehen diskoa plazaratu du

Disko berria ohiko plataformetan dago jada, “Osorik entzuteko aukera eman nahi nizuen, aurrerapenik gabe. Maitasun osoa jarri dut hamar doinuotan. Espero dut kantuok modu batean ala bestean zuekin konektatzea. Eta alderantziz”.

Gorka Urbizuk bere bakarkako lehen diskoa kaleratu du Hasiera bat izenpean. Hamar kantuk osatzen dute bilduma eta musikariak adierazi duenez, “hamar aukera, hamar erabaki. Izan zitezkeen beste batzuk, baina hauexek dira: Maitasun bat, Teoria bat, Tren bat, Toki bat, Janela bat, Kolore bat, Lilura bat, Etxe bat, Sute bat, Besterik ez”.

Diskoa kantuaren muinerainoko bidaia bat dirudiela dio Urbizuk, soinu geruzak gehitu eta gehitzearen tentazio oro baztertuta, kontrako bidea aukeratu baitu egileak: “kantuak erantzi, hustu, kimatu… euren soiltasuna agerian utzi arte. Gordin. Eder. Horrexek egiten ditu, hain zuzen ere, harkaitza bezain gogor, haizeak astindutako hostoa bezain hauskor”.

Lekunberrikoaren arabera, “ikusmenak itsututa gaude”, eta ezustean kaleratu duen lan honekin bost zentzumenez entzuteko gonbita luzatzen digu. “Gelditu eta entzun. Barrutik soilik ireki daitezkeen ateak ireki. Garbitu zarata. Beharrezkoa dena esan, besterik ez. Soiltasunaren ederra lortzen ahalegindu, sortuko denaren beldurrik gabe”.

Lleida inguruko 1904ko antzoki zahar bat eta zortzi-pistako analogiko xume bat: horiexek izan dira doinuok soinuz jasotzeko lanabes oinarrizkoak. Aurreiritzi oro alboratuta, beste nonbaitetik sortzeko apustua egin du Berri Txarrak taldeko abeslari ohiak: soildu eta soildu, muina ukitu arte: Hezurra. Egia. Egia bat.

Jordi Matasek ekoitzi du bere biluzian erpin ugari erakusten duen disko hau. “Maitasunez eta maitasunaz egina. Ez alde egin denbora baino lehen. Helduko da. Heldu da. Eta hau, hasiera bat baino ez da. 2024an zuzenekoetan ikusiko dugu elkar”.

Disko berria ohiko plataformetan dago jada, “Osorik entzuteko aukera eman nahi nizuen, aurrerapenik gabe. Maitasun osoa jarri dut hamar doinuotan. Espero dut kantuok modu batean ala bestean zuekin konektatzea. Eta alderantziz”.

Zabaldu: