(argazkia: Susa argitaletxea)

Gotzon Barandiaran eta Maddi Goikoetxearen antzezlanak Ganbila bilduman

Ganbila proiektuak euskal teatroaz ikuspegi zabala ematea du helburu.

Susa argitaletxeak eta EHAZE Antzerkizale elkarteak Ganbila antzerki bildumako bi liburu berri aurkeztu dituzte Donostian: Gotzon Barandiaranen Hildako haurra eta Maddi Goikoetxea Juanenaren Ura jaten.

Oier Guillan idazle eta antzerkigileak koordinatzen du Ganbila proiektua eta euskal teatroaz ikuspegi zabala ematea du helburu, unean uneko fokua obra edota hainbat obra eta ahotsetan jarriz. “Antzerkiak agertu ohi duen errealitatea, baina, deformatua da”.

Gotzon Barandiaranen Hildako haurra lanari dagokionez, liburuak bi antzezlan dakartza. Batak liburuaren izen bera du eta oholtzara bideratzen ditu, antzerkiaren kodeetan, idazle batek (eta, are, kulturgintzan ari den edozeinek) izan ditzakeen kezkak, zalantzak eta barne borrokak. Bigarrena, Besaulkiak, Abarka taldeak bere ibilbide oparoaren baitan taularatu zuen, Ander Lipusen zuzendaritzapean. “Testu batean zein bestean, mundua den testuinguru zabal horretan gertatzen direnak nola jaso da trabesa, norbere ezintasunetik nola eragin hitzaren bitartez”, azaldu du argitaletxeak.

Maddi Goikoetxea Juanenaren Ura jaten liburuak, berriz, antzerkiak Euskal Herrian duen prestigio sozial faltaren eragina aztertzea du helburuetako bat. Hain zuzen ere, antzerkia modu integralean bizi duten hainbat esperientziatako protagonistak elkarrizketatu ditu egileak: Ximun eta Manex Fuchs, Eneritz Artetxe, Ander Lipus, Amancay Gaztañaga, Goizane Barroso, Ainara Gurrutxaga, Marise Urruti, Ixabel Etxeberria, Monika Torre, Garazi Lopez de Armentia, Idoia Zabaleta, Amaia Gabilondo, Rita Naveira, Koldo Zelestino eta May Gorostiaga. Egileak azaldu duenez, “elkarrizketon helburua ez da izan haien ibilbideari buruzko itauntze biografiko bat egitea, antzerkiaren adar diferenteak bizi dituzten esperientzietako protagonisten gogoetak jasotzea baizik”.

Zabaldu: