Epaimahaikideen arabera, “album hau erakargarria da begiekin gozatzeko, baina, gutxitan bezala, baita belarriekin entzuteko ere. Irabazleek 5.000 euroko diru-saria jasoko dute eta lana Pamiela argitaletxeak argitaratuko du udazkenean.
Gotzone Butron idazleak eta Aitziber Raya ilustratzaileak haurrentzako albumak sortzeko Etxepare saria irabazi dute Orkestra zooragarria lanarekin. Orotara 29 lan aurkeztu dira. Saria Nafarroako 16 entitatek ematen dute Nafarroako Gobernuaren, Galtzagorri elkartearen eta Pamiela argitaletxearen babesarekin.
Patxi Zubizarreta idazleak, Aitziber Akerreta irudigileak eta Idoia Sobrino liburuzainak osatu dute epaimahaia, eta azpimarratu dutenez, “saritutako lana kalitate artistiko eta literario handikoa da”.
Epaimahaikideen arabera, “album hau erakargarria da begiekin gozatzeko, baina, gutxitan bezala, baita belarriekin entzuteko ere. Alde batetik, bikain eta neurritsu kontatuta dagoen istorio dibertigarria dakarkigu: ariak kantatzen aritzen den ama kantari bikain bat, animalietan ausartenak ere liluratzeko gai izateaz gain, egunerokotasuna itzulipurdikatzeko gauza dena –ederra da gizakiak eta piztiak harremanetan jartzea, biak mundu paraleloetan egokitu beharrean”.
Bestalde, lanak musika klasikorako gonbita eskaintzen duela dio epaimahaiak: “argumentuaren haria partitura bat dugu oraingoan, Laura Esquivel idazleak La ley del amor nobelan egin zuen bezala, hiru kantu ditugu albuma irakurriz, ikusiz, eta entzunez goza dezagun. Gozatu, agian horixe da albuma ongien deskribatzen duen aditza, funtsean, egileek testu-ilustrazio eder eta bihurrien bitartez, orekan eta harmonian, horixe eskaintzen digutelako: gozamena”.
Albumak QR batzuk jasotzen ditu, eta istorioan zehar aipatzen diren musika lanak irakurri bitartean aditu daitezke. “Espoilerrik egin gabe, haur guztiek etxean egin ahal duten proposamen batekin bukatzen da albuma eta bidenabar orrialdeetatik kanpo fantasiarekin jolasean segitzeko gonbidapen zooragarria da”.
Irabazleek 5.000 euroko diru-saria jasoko dute eta Pamiela argitaletxeak udazkenean argitaratuko du lana.
Egileak Bikotekan
Aitziber Raya eta Gotzone Butron bikote bihurtu zituen Galtzagorrik antolatzen duen Bikoteka tailerrak. 2024ko edizioa egin zuten eta han sortu zuten Orketra zooragarria albumaren ernamuina.