Goya beltza, Motherwell beltza. Laurogei hondamendi eta amildegi bat erakusketak San Telmo Museoan bi artista eta bi garai lotzen ditu. Goyaren Gerrako hondamenak saila eta Motherwellren Iberia lana elkarrizketan jarriz, indarkeriari, tragediari eta artearen memoriarako gaitasunari buruzko gogoeta proposatzen du.
Donostiako San Telmo Museoak erakusketa berri bat aurkeztu du: Goya beltza, Motherwell beltza. Laurogei hondamendi eta amildegi bat. Museoaren azken eskurapenetako batetik abiatuta, erakusketak Francisco de Goyaren eta Robert Motherwellren arteko elkarrizketa artistiko eta garaikidea proposatzen du. Erakusketaren komisarioa Maria Bolaños da, eta maiatzaren 16tik irailaren 27ra bitartean egongo da ikusgai.
Erakusketaren ardatza Goyaren Gerrako hondamenak sail ospetsua da. 1810. eta 1823. urteen artean sortutako 80 estanpek osatzen dute seriea, eta inbasio napoleonikoaren aurkako gerraren pasarte gordinenak erakusten dituzte. Hala ere, lanak bere garaiko testuingurua gainditzen du: Goyaren irudiek indarkeriaren eta giza sufrimenduaren izaera unibertsala azaleratzen dute, eta gaur egungo gatazka eta hondamendiekin lotzeko aukera ematen dute.
Erakusketak Goyaren ondarea XX. mendera eramaten du, horretarako Bilboko Guggenheim Museoak mailegatutako Motherwellen Iberia (1958) lana baliatuz. Estatu espainiarrera egindako bidaietan eta Goyaren Pintura Beltzetan inspiratuta, artistak beltza nagusi den eremu abstraktu zabala sortu zuen, tragedia historikoaren oihartzun emozional gisa.
Proposamenaren ibilbideak kontrasteetan oinarritutako esperientzia eskaintzen du: indarkeria esplizitutik barne-kontenplaziora, figuraziotik abstrakziora eta zaratatik isiltasunera igarotzen den bidea. Tintaren beltza eta olioaren beltza uztartzen dituen bidaia da, memoriaren, indarkeriaren iraunkortasunaren eta arteak esanezinari forma emateko duen gaitasunaren inguruko gogoeta sustatzen duena.
Artelanez gain, erakusketak bestelako materialak ere biltzen ditu: argazkiak, ikus-entzunezko artxiboak, 1958an Madrilen aurkeztutako La nueva pintura americana erakusketaren katalogoa eta Encyclopédie obraren ale bat, San Telmoren bildumakoa.
Erakusketarekin batera, Donostiako museoak komisarioaren testua jasotzen duen aldizkari berezi bat ere argitaratu du. Proiektuak, azken batean, Goyaren legatuaren indarra eta arte modernoan izan duen eragina berrirakurtzera gonbidatzen du, artearen, memoriaren eta krisi garaiko gogoetaren arteko loturak aztertuz.