Irabazle bakoitzak 18.000 euroko saria izango du Gure Artea saria jasotzeagatik. Sari emate ekitaldia udazkenean egingo da.
Dario Urzay (Ibilbide artistikoa aitortzeko saria), Damaris Pan (Sorkuntza lana aitortzeko saria) eta Peio Agirre (Arte Plastikoen eta ikusizko arloan agenteek egindako lana aitortzeko saria) dira aurtengo Gure Artea sarietarako epaimahaiak hautatu dituen hiru artistak. Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuak eman ditu ezagutzera hiru irabazleak, gaur, Bilboko Arte Ederren Museoan egin duten agerraldian.
Alicia Fernandezek, Pello Irazuk, Ion Munduatek, Mikel Onandiak eta Jone Alaitz Uriartek osatu dute epaimahaia eta Pello Irazu epaimahaiburuak azaldu ditu erabakiaren arrazoiak. Irabazle bakoitzak 18.000 euroko saria izango du Gure Artea saria jasotzeagatik. Sari emate ekitaldia udazkenean egingo da.
Dario Urzay artista bilbotarrak 40 urte baino gehiagoko ibilbide profesionala du egina. Epaimahaiaren iritziz bilbotarrak “gutxik bezala gorpuzten du bizitzea egokitu zaion garaiko margolaria” eta bere epaiak adierazten duenez, “esperimentazioari irekita, azaleren plastika eta horretarako teknikak ikertzen ditu bere artelanetan, inprimaketa fotografikoak, erretxinak eta bernizak baliatuz, pintura esploratzen du, mikrotik hasi eta makroraino, biologikotik geologikoraino, irudiaren eta prozeduraren arteko interakzioaren problematikari jarraipena emanez, ikuslearen begirada inoiz ere ahaztu gabe, obra artistikoaren eraketaren funtsezko elementua den neurrian”.
Damaris Pan artista mallabitarra, bere aldetik, azken urteotan euskal pinturan bizi den berpizkundearen ordezkari nagusietako bat da. Artista bizkaitarrak lan artistikoa eta Euskal Herriko Unibertsitateko Arte Ederren Fakultateko irakaskuntza-lana uztartzen ditu, eta azken urteotan ibilbide nabarmena izan du, etengabeko bilakaeran, pintura-lanaren autonomiaren aldeko apustu argia eginez.
Epaimahaiak azaldu duenez Panen obra “pausatua da, planoak eta koloreak gainjartzeagatik berezia, eta umoretsua delako, itxurazko presentzia biluziaren atzean bere konplexutasun osoa ezkutatuz. Inspirazioa eguneroko bizitzan aurkitzen du eta forma geometriko indartsuz, ingeradez eta giza gorputzeko zatikiz osatutako natura hiletan zein erretratuetan lan egiten du askotariko objektuekin eta izaki fantastikoekin, baina artistak ihes egiten dio errepresentazio-asmoari, beste errealitate berrien bila ateratzeko: bertan, formak, koloreak, prozesuak eta barne-eraketak dira erabiltzen dituen osagaiak”.
Azkenik, Peio Agirre idazlea, arte-kritikaria, editorea eta erakusketen koordinatzaile independentea da, egun estatuko arte-testuinguruko eragile nabarmenetako bat; izan ere, oparo lan egin du ikerketan, ekoizpenean eta zabalkunde-lanean askotariko arte-ardurako eta argitalpeneko plataforma ugaritan, hainbat proiekturen bidez, hala esperimentaziorako espazio alternatiboetan nola erakunde sustraituetan.
Epaimahaiak eragile bitartekari eta testuinguru-sortzaile lanetan eta euskal artisten sarea eratzen, garatzen eta balioztatzen egin duen lana azpimarratu du. “Diskurtso kritiko garaikideei buruzko interesa agertu du eta, bere begiradaren bidez, hurbileneko jarduerak eta egungo praktika artistikoen mundu zabalean gertatzen dena uztartu ditu” gaineratu dute epaimahaiko kideek. “Berea lan kritikoa eta bitartekari-lana da, eta era horretan aukera eman die bere belaunaldiko eta geroko euskal artista ugariri esperientzia eta harreman berriak izateko; ondorioz, bere gogoetek eta ekarpenek belaunaldi baten mapa edo memoria-balioa dute.