(argazkia: Irekia)

Gure Artea sariak 2022, Mari Puri Herrero, Nora Aurrekoetxea eta Consonni arte ekoizle eta editorialarentzat

Irabazle bakoitzak 20.000 euroko saria izango du Gure Artea saria jasotzeagatik. Sari emate ekitaldia udazkenean egingo da.

Mari Puri Herrero (Ibilbide artistikoa aitortzeko saria), Nora Aurrekoetxea (Sorkuntza lana aitortzeko saria) eta Consonni arte ekoizle eta editoriala (Arte Plastikoen eta ikusizko arloan agenteek egindako lana aitortzeko saria) dira aurtengo Gure Artea sarietarako epaimahaiak hautatu dituen hiru artistak. Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuak eman ditu ezagutzera hiru irabazleak Gasteizko Artium Museoan egin duten agerraldian.

Damaris Panek, Fernando Perez, Jesus Mari Lazkanok, Maite Garbayok eta Mikel Lertxundik osatu dute epaimahaia eta Lazkano epaimahaiburuak azaldu ditu erabakiaren arrazoiak. Sorkuntza lana aitortzeko saridunak eta arte plastiko eta ikusizko arloan agenteek egindako lana aitortzeko saridunak 18.000 eurona jasoko dute eta ibilbide artistikoa aitortzeko saridunak, aurten, 20.000 euro jasoko ditu, aurreko edizioetan baino 2.000 euro gehiago. Sariak emateko ekitaldia udazkenean egingo da Donostian, Tabakaleran.

Epaimahaiak erabaki duenez Mari Puri Herrero artista bilbotarrak jasoko du ibilbide artistikoa aitortzeko saria.  Epaimahaiak azpimarratu duenez Herrerok duen “obra zabalagatik” eta bere “kalitate artistiko bikainagatik” merezi du aitortza. Mende erdi baino gehiagoko ibilbidea egina du Herrerok eta epaimahairen iritziz “jardunean jarraitzen duen sortzaile berezia da, margolaria, grabatzailea eta eskultorea, eta bere obra irudimenezko hausnarketatik nahiz inpresionismoaren berehalakotasunetik sortua da. Bere obrak figurazio liriko, poetiko bat islatzen du eta erreferentzia sinbolikoz betea dago”.

Herreroren herentzia kulturalak eta garaikidetasunarekiko bere interes erneak “XX. mendeko Euskal Artea ulertzeko funtsezko figuretako bat izatera eraman dute. Artearen trantsizio-aldi bat bultzatu zuen belaunaldiko kidea da Herrero, forma tradizionalak eta asmo abangoardistak uztartu izanagatik bereizi izan zenekoa. Bere sorkuntza-lanak mundu kezkagarri bat islatzen du, mehatxuz eta itxura faltsuz betea, eta erreala eta fantastikoa bat eginda sumatzen dira bertan. Marrazkia eta kolorea menderatzen dituen moduak, konposizioaren orekak eta gainezka egiten duen irudimenak bere ibilbidean zehar berrinterpretatu izan duen ikonografia pertsonal bat sortzea ahalbidetu diote. Klasikotasun modernoko pintura garatzen du, non hiriko eta landako bizimoduaren ikuspegi pertsonal eta intimoena eskaintzen duen”. Saria erabakitzeko epaimahaiak artistaren “artearen hainbat arlotan egindako lana eta ikerketa” ere azpimarratu ditu.

Nora Aurrekoetxea bilbotarrak sorkuntza-lana aitortzeko Gure Artea saria jasoko du. Epaimahaiko kideek azpimarratu dutenez Aurrekoetxea “egungo euskal eskulturaren ordezkari nagusietako bat da. Bere lanak eraginkortasunez lotzen ditu artista prestatu izan den diziplina desberdinak (Arte Ederrak, Psikologia eta Sexologia), giza harremanen alde emozionalean eta harreman horiek espazio intimoarekin duten interakzioan sakontzearren. Eskulturaren arloan, nagusiki instalazioen sorkuntzan oinarritzen da bere lana. Horietan hainbat lengoaia uztartzen ditu, besteak beste, testua, performancea eta objektuak, gehienak berak sortuak baina beste batzuk eraldatuak edo testuingurutik atereak, bere azterlanekin lotutako gaiei buruzko hausnarketa sakonen zerbitzura jarriak, eta gorputzek arkitekturarekin duten harremana aztertzera ez ezik, zeinu eta keinu erritualak edo egunerokoak osatzera ere eramaten dutenak. Hala ere, azterlan horren emaitzek saihestu egiten dute ondorio itxiak ateratzea, askotariko esanahiak eta irakurketak eragiteko asmoz”.

Amaitzeko, Consonnik hogeita bost urte daramatza euskal artearen panoraman lanean, eta Estatu espainiarrean bakarra da ezaugarri horiek biltzen dituena. Epaimahaiak azpimarratu duenez “kultura kritikoaren ekoizpena” da editorialaren esentzia.

1996an sortu zuten Consonni eta epaimahaiak adierazi duenez “kultura kritikoa hainbat euskarritatik eta askotariko testuingurutan ekoizten du. Artea eremu hedatu gisa hartuta, literatura, irratia edo hezkuntza, ehunka jarduera sortu eta bultzatuta, testuinguruko agenteak, publikoak eta artistak erlazionatuta, lurralde-ikuspegi zabal, estetiko eta politiko batetik, artearen eremuari eta haren ertz desberdinei lotuta. Artistei ekoizpen-prozesuetan laguntzeko asmoz sortu zen, haiekin lotura konplize eta estuan, baita prozesuen koiunturazko zirkunstantzietan laguntzeko ere, pentsatzeko, elkarrekin egiteko, ekoizteko, laguntzeko, erakusteko, artxibatzeko eta erlazionatzeko kode bat sortuta”.

Zabaldu: