Gure Artea sariak 2023, Susana Talayero, Nadia Barkate eta Anti liburu dendarentzat

Irabazle bakoitzak 20.000 euroko saria izango du Gure Artea saria jasotzeagatik. Sari emate ekitaldia udazkenean egingo da Donostiako San Telmo Museoam.

Susana Talayero (Ibilbide artistikoa aitortzeko saria), Nadia Barkate (Sorkuntza lana aitortzeko saria) eta Anti liburu denda (Arte Plastikoen eta ikusmen-arteen arloan agenteek egindako lana aitortzeko saria) dira aurtengo Gure Artea sarietarako epaimahaiak hautatu dituen hiru artistak. Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuak eman ditu ezagutzera hiru irabazleak Bilboko Guggenheim Museoan egin duten agerraldian.

Aimar Arriola komisarioak, Nora Aurrekoetxea artistak, Rakel Esparza kultur programatzaileak, Iñaki Imaz margolari eta irakasleak eta Miren Vadillo arte-historialariak osatu dute epaimahaia eta Imaz epaimahaiburuak sarituak aukeratzeko arrazoiak azaldu ditu.

Susana Talayero artista bilbotarraren kasuan, epaimahaiak azpimarratu duenez, Talayeroren 30 urte baino gehiagoko ibilbidea “dedikazio eta iraunkortasunaren sinonimoa da, ikerketa plastikoko lan bat, estudioan egunerokoa egitearen inguruan antolatua. Erroman egin zuen lehen etapatik bere obra berrienera arte, aurkitutako euskarri eta materialekin egindako lana da, ez aurrez pentsatutako edo programatutako gai gisa, baizik eta inguruan duen horretara irekita egotearen ondorio gisa”.

Bestalde, epaimahaiaren ustez, “Susanaren sorkuntza-lanak banakako lana gainditzen du, eta garrantzitsua da, halaber, euskal artearen testuinguruari hark egindako ekarpenak aitortzea, lankidetzako egoeren eta esperientzia kolektiboen bidez”. Ildo horretan, besteak beste, 2008. eta 2023. urteen artean garatutako hezkuntza-esperientziak nabarmendu dituzte, helduei eta adingabeei zuzendutako arte-tailerren bidez, biak gizarte-bazterkeria jasateko arriskuan baitaude.

Naida Barkate bilbotarrak sorkuntza-lana aitortzeko Gure Artea saria jasoko du. Epaimahaiko kideek nabarmendu dutenez, Barkate azken urteetako euskal eszenan oso belaunaldi aktibo bateko artista azpimarragarria da. Duela hamarkada bat ekin zion bere ibilbideari, eta bere zeregin artistikoa marrazkian oinarritzen da batez ere: “esan liteke, gaur egun, nahiz eta batzuetan beirari putz egineko obrekin osatu, bere lan guztia marrazki bakarra dela, gehienetan zuri-beltzean, nahiz eta kolorearen munduan sartu-irten zehatz batzuk egin. Irudi handi bat edo fikzio handi bat bezalakoa da, etengabe eraikitzen ari dena, presarik gabe, egiten dituen erakusketetan erakusten dituen zatien baturaren bidez, eta etengabe hazten jarraitzen duena, mundu propio bati gorputza eta irudia emanez, zeinarekin egileak harreman pertsonala duen, harekin erlazionatzeko zentzuan, beste pertsona batekin zintzotzen ariko balitz bezala. Izaki arrotzez betetako mundu bat da, beti zainduak, interpretatu gabeak, eta ez bakarrik egilearen psikologiari erantzuten dion leku misteriotsu batera garamatzana, baizik eta irudi, espazio, landareri eta abarren tratamendu inpertsonal eta arketipikoan nolabaiteko imajinario kolektibo bat proiektatzeko aukera ematen duena.”

Amaitzeko, Anti liburu-dendak arte plastiko eta ikusizko arloan agenteek egindako lana aitortzeko Gure Artea saria jasoko du. Javier Nevado da proiektu honen arduraduna.

Erabaki horren oinarrian honako hau dago: duela 20 urte Bilboko San Frantzisko auzoan liburu-denda honek ateak ireki zituenetik, “letren, pentsamenduaren eta arte plastiko eta ikusmen-artearen arteko topaleku funtsezkoa bihurtu da. Funts bibliografiko zainduaren eta doako jarduera publikoen programa aberatsaren bidez, Antik Bilboko ehun artistiko eta kulturalari eta euskal testuinguruari egiten dion ekarpena paregabea da”. Epaimahaiaren arabera, “bere ekarpena egunerokoan neurtzen da, ezagutzera ematen duen artisten liburu berri bakoitzean, hartzen duen erakusketa bakoitzean, bertan bi hamarkadatan gozatu ahal izan den tailer, aurkezpen edo performance bakoitzean”.

Zabaldu: