(argazkia: Susa argitaletxea)

Hainbat egileren artean egindako ‘Esperoan’ eta Formol Laborategiaren ‘Album’ antzezlanak Ganbila bildumara

Ganbila proiektuak euskal teatroaz ikuspegi zabala ematea du helburu.

Susa argitaletxeak eta EHAZE Antzerkizale elkarteak Ganbila antzerki bildumako bi liburu berri aurkeztu dituzte Donostian: Hainbat egileren artean egindako Esperoan eta Formol Laborategiaren Album.

Oier Guillan idazle eta antzerkigileak koordinatzen du Ganbila proiektua eta euskal teatroaz ikuspegi zabala ematea du helburu, unean uneko fokua obra edota hainbat obra eta ahotsetan jarriz. “Antzerkiak agertu ohi duen errealitatea, baina, deformatua da”.

Formol Laborategiaren Album antzezlanari dagokionez, halaxe dio sinopsiak: “Zer egiten du ostruka batek arrainontzi batean? Ba al dago denon bistan egotea eta ezkutatzea baino gauza miserableagorik? Derrigorrezkoa al da belaunaldi bat hiltzea hura omendu ahal izateko? Asko hitz egin izan da gazteoi buruz. Millennialok oinordetzan hartutako erantzukizunak kudeatu ezinean gabiltzala diagnosia jaso dugu. Ondorengo hitzekin definituak izan gara: infantilak, prekarioak, frustrazioari intoleranteak, grinarik gabeak, bizitzan galduak, gainformatuak. Ados, sintomatologia hori guztia geure gainean zamatuko dugu. Gure belaunaldiaren etiketen jabe bihurtuko gara. Baina zer daukagu guk esateko? Zer espero da gutaz? Nor gara gu? Ikerketa hau ez da autopsia bat, ez da erretratu bat, ez da selfie bat”.

Hainbat egileren artean egindako Esperoan, berriz, antzerkiaren tradiziorik berrienak euskal teatro garaikidearekin harremanetan jartzeko nahia dela dio Susa argitaletxeak. “Godoten esperoan eta, oro har, Samuel Becketten itzalarekin elkarrizketan jartzea euskal eszena garaikidea. Becketten obra ezagunak ez du ezagutu euskarazko taularatzerik, baina haren eragina beste obra askotan suma daiteke. Horren adibide izan daitezke liburu honetara ekarri ditugun Samara Velteren Eta Karmele? eta Karlos Linazasororen Godotekin solasean antzezlanak. Eragin horrek merezi zuen azterketa sakonagorik, begirada poliedrikoagorik, eta zeregin horretara gonbidatu ditugu liburu honetako artikuluen egileak: Beñat Sarasola, Mikel Ayllon, Irati Agirreazkuenaga, Amancay Gaztañaga eta Oier Guillan.Zeren esperoan gaude? Ahaztua dugu jada. Ez dio axola jada, edo bai. Godot etorri da, azkenean, eta guztia aldatu da, ezer aldatu ez delako. Eta horregatik, edo beste edozein arrazoirengatik, horrelaxe jarraituko dugu, euskal teatroan, esperoan”.

Zabaldu: