Euskarazko pieza onenaren saria Mari Joxe Azurtzaren Euskara ez da egun bakarreko kontua lanarentzat izango da.
Donostia Kultura Irratiak antolatutako Hamaika Entzuteko! VII. Irrati-piezen lehiaketako sariak banatuko dira gaur, Victoria Eugenia antzokian. Sari nagusia Antonio Gonzalezentzat eta Laura Romerorentzat izango da, Una puerta, un portal piezagatik. Euskarazko pieza onenaren saria, berriz, Mari Joxe Azurtzaren Euskara ez da egun bakarreko kontua lanarentzat izango da.
Sariak banatzeko ekitaldia 19:00etan izango da, Victoria Eugenia Antzokiko Club Aretoan. Saritutako lanak zein diren jakin eta entzuteaz gain, umorezko irrati-antzerkiaz gozatzeko aukera ere izango da: Anartz Zuazuaren eta Asier Sotaren Futuro inTxerto ikusgai eta entzungai izango da.
Una puerta, un portal lanari buruz epaimahaiak esan du, “esperimentazio-ariketa bat” dela, eta, soinu-geruzen collage baten bidez, bidaia sentsorial bat planteatzen duela, “modu eraginkor eta teknikoki fidagarrian”.
Euskara ez da egun bakarreko kontua piezaren gainean, epaimahaiak audio-pieza baten bidez Donostia Boisekin eta euskararen egunarekin elkartzeko gaitasuna azpimarratu du.
Pieza irabazleak entzungai egongo dira irratiaren webgunean, sari banaketa ekitaldiaren ondoren: https://irratia.donostiakultura.eus/eu/11-entzuteko-lehiaketa
Hauek izan dira epaimahaikideak: Katixa Garate, Donostia Kulturako Komunikazioa eta Irudia saileko teknikaria; Susana Bustero, Casares-Tomasene Kultur Etxeko zuzendaria; eta Manex Urruzola, Elhuyarreko komunikazio-zerbitzuen koordinatzailea.