(Argazkia: Mulixka Dantza Taldearen bidez)

‘Harria’ diskoa eta ikuskizuna aurkeztuko ditu Iñaki Palacios txistulariak ostegunean

Musikari gasteiztarraren bigarren proiektuak lau osagai ditu: Iñaki Perurenaren poesia, Mulixka Dantza Taldearen koreografiak, harrizko txalaparta eta trikitixa.

Iñaki Palacios Mulixka Dantza Taldearekin eta Iñaki Perurenarekin batera sortu ditu Harria izeneko disko berria eta ikuskizuna. Gasteiztarraren bigarren proiektuak txistua du elementu nagusi eta bateratzailea. Musika tresna honen gainean eraiki dira, oro har, melodiak eta kantuen garapenak, baina lan berriak baditu beste lau osagai ere: Iñaki Perurenaren poesia, Mulixka Dantza Taldearen koreografiak, harrizko txalaparta eta trikitixa.

Musikariak Lurra, Ardoa, Dantza diskoa kaleratu zuen 2017an, izen bereko proiektuaren lehenengo atala izan zen, bigarrena, berriz, Mulixkarekin prestatu zuen ikuskizuna.

Txistua bai, baina Palaciosek bere betiko testuinguru tradizionaletik atera nahi izan du eta bestelako musika tresna batzuekin uztartu ditu, txistuari bigarren aukera bat emanez. Musikariak dionez, txistuak “momentu gogorrak, onak eta ahaztezinak” eman dizkio. “Alde batetik, emaitza onak lortzeko egin behar den ahalegin guztia: entseguak, abesti eta ikuskizunen errepikapenak, orduak eta orduak jotzen egon, edota sakrifikatutako asteburu guztiak… Berez, musikari guztiek egiten duten lana da eta publikoarentzat gehienetan ezkutuan gelditzen dena”. Bestalde, egindako ahalegin guzti hori saritua dela ikustea polita dela dio, “bai lan aldetik eta bai jendeak eskertzen dizun guztiagatik”.

Baga Biga diskoetxearekin argitaratuko du Harria diskoa. Ikuskizunaren estreinaldia berriz,  irailaren 14an izango da, gaueko 21:30ean, Gasteizko Foruen Plazan.

Zabaldu: